Espainiako Kongresuko mahaiak Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia frankistaren zerbitzu orria ezagutaraztearen inguruko eztabaida galarazi ostean, EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk Kongresuko bozeramaileen mahaira eraman zuen gaia, hura berriz aztertzeko eskariarekin. Gaur aztertu dute, eta torturatzailearen zerbitzu orria ezagutaraztearen aurka egin dute Espainiako Gobernuko bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek. Aurka bozkatu dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek ere. Beraz, bertan behera geratu da Iñarrituren eskaera. Unidas Podemoseko bozeramaile Pablo Echeniquek «akastzat» jo du bere koalizioaren erabakia.
Echeniquek adierazi du gaia berriz ere mahaira itzultzean «aldeko botoa» emango dutela, eta «zalantza juridikoak» zituztela arrazoitu du gaurko boza justifikatzeko: «Gaia xehetasunez ikertu dugu, eta akatsa konpondu dugu». Koalizioak adierazi du erabakia Kongresuko letratuen irizpideei jarraituz egin dutela, informazio hori ezagutaraztea «legez kanpokoa» dela nabarmenduta. Legedia aldatzeko lan egingo dutela azaldu dute.
Halere, hautsak harrotu ditu erabakiak, baita koalizioaren barruan ere. IUk sare sozialen bidez adierazi du «konpondu beharreko akatsa» dela, eta azaldu «ados ez» daudela erabakiarekin: Billy el Niño eta halako kriminalen gizateriaren aurkako delituak ezin dira zigor gabe geratu». Podemoseko Antikapitalistak ildoko Miguel Urbanek ere «tamalgarritzat» eta «justifikaezintzat» jo du erabakia.
Iñarrituk ere gogor egin du Pablo Iglesiasek zuzentzen duen koalizioaren aurka: «Sorpresa! Unidas Podemos PP, Vox, Ciudadanos eta PSOErekin batu da, gobernuak Billy el Niñoren zerbitzu orria eman beharra galarazteko». EH Bilduko diputatuak adierazi du berriz aurkeztuko duela eskaera.
Antonio Gonzalez Pacheco frankismo garaian eginiko torturengatik egin zen ezaguna. Denera 30 kereila inguru aurkeztu dituzte haren aurka, baina 2019an onartu zuten lehenengoa, «gizateriaren kontrako krimenengatik». Miguel Angel Gomezek jarri zuen kereila, Gonzalez Pachecoren eta beste lau polizia frankisten aurka, LCR Liga Komunista Iraultzaileko kide zelarik, 1971n eta 1973an, inkomunikatuta egon bitartean jasaniko torturengatik. Bost urte lehenago, Gonzalez Pacheco Argentinara estraditatzearen aurka agertu zen Auzitegi Nazionala. Maria Servini epaileak egin zuen eskaera hura.