Langile bat hil da Galdakaoko GHI Hornos Industriales enpresan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Astelehen honetan izan da ezbeharra; 15:22an jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek, baina hara iritsi direnerako, hilik zegoen.
40 urte inguruko gizonezko bat da hildakoa, eta Laudiokoa (Araba) da. Lehen informazioen arabera, lanean ari zela, pieza bat gainera erorita hil da. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak ikerketa bat zabaldu du.
Duela 80 urte ireki zuten GHIren lantegia, eta Galdakaoko Aperribai auzoan dago. Tamaina handiko labe industrialak ekoizten ditu.
Lan istripuz Euskal Herrian aurten hildako hamargarren langilea da —azkena, urtarrilaren amaieran—.
Gertatutakoa salatu du LAB sindikatuak. «Oinarrizko segurtasun neurriekin ekidin zezaketen». Azpimarratu du GHIk enpresak bere irabaziak «bikoiztu» zituela 2018. urtean. «Onartezina da etekin ekonomikoak langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik ezartzea. Nazkatuak gaude. Administrazioei arduradunak seinalatzeko eta ordain dezatela exijitzen diegu».