Migrazioak

'Aita Mari' ontzia Mediterraneora abiatu da, «giza eskubideak defendatzera»

Bi aste igaroko dituzte migratzaileak erreskatatzen. Salatu dute Europako Batasunak «ez ikusiarena» egiten diola Mediterraneoko «dramari». 'Open Arms' ontziak 400 migratzaile hartu ditu bost egunean.

'Aita Mari'-ko eskifaia, ontzia itsasoratu aurretik. PABLO GARCIA / ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA
2020ko urtarrilaren 31
09:38
Entzun

Aita Mari ontzia Pireotik (Grezia) Mediterraneora atera zen atzo, migratzaileak erreskatatzeko. Bihar iristea espero dute, eta hurrengo bi asteak igaro nahi dituzte Maltako erreskate eremuan. Hamalau pertsona doaz barruan, «itsasoan giza eskubideak defendatzera».

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundea da ontziaren arduraduna, eta ontzian mantentze lanak egiten aritu da abenduan eta urtarrilean.

GKEak nabarmendu du haien helburua dela salatzea «Europako Batasunak ez ikusiarena egiten diola drama honi». Haien esanetan, «flota solidarioak —Ocean Viking, Alan Kurdi eta Open Arms— agerian utzi du berriro inguru horretan salbamendu operazio publiko baterako dagoen beharra». Ontzi horiek egin duten lanarengatik ez balitz, erreskatatutako migratzaile asko «hilda egongo ziratekeen», Itsas Salbamendu Humanitarioaren hitzetan.

'Open Arms', lanean

Egunotan, soilik Open Arms ontzia ari da erreskate lanetan Mediterraneoan; bost operazio egin dituzte hiru egunetan, eta 400 migratzaile inguru hartu dituzte itsasontzian. Atzo egin zuten azken erreskatea: egurrezko ontzi «arriskutsu» batean zihoazen «ehun bat» pertsona jaso zituzten itsasoan.

Ontziaren izen bereko GKEak adierazi du Libiako kostan etengabe egiten dutela topo «hiltzeko arriskuan dauden pertsonak daramatzaten ontziekin», handik ateratzen baitira migratzaile gehienak, Europara iristeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.