Piezak benetakoak direla berretsi du Iruña-Veleia Argituk, epaiketaren atarian

Astelehenean hasiko da Iruña-Veleia aztarnategiko aurkikuntzen auzia ebatziko duen epaiketa. Egun gutxiren faltan, auzipetuen aurkako karguak bertan behera uzteko eskatu du plataformak, eta proba gehiago egiteko.

Iruña-Veleia Argitu plataformaren agerraldi bat, 2018ko ekainean, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Berria
2020ko urtarrilaren 28a
18:07
Entzun

Iruzurraren eta ondarearen aurka eraso egitea leporatuta, Eliseo Gil Zubillaga Lurmeneko zuzendaria eta haren taldekide Oscar Escribano Sanz eta Ruben Cerdan Casilar epaituko dituzte astelehenean hasita, Gasteizen, Arabako Auzitegiko 1. zigor salan. Iruña-Veleia Argitu plataformak agerraldi bat egin du gaur goizean, eta "sekula egin behar ez zen epaiketatzat" jo du, haren ustez "zigor auzitegia ez delako eztabaida zientifiko bat erabakitzeko lekurik onena".

Gogora ekarri dute 2009an erabaki zuela Arabako Foru Aldundiak kereila jartzea Gil, Escribano eta Cerdanen aurka, eta azaldu dute ezen, ikertu beharreko pertsonak hiru izan arren, "instrukzio fasea amaigabea" izan dela azken 11 urteetan: "Hamaika urteko aulki zigorra auzipetuentzat, benetako tortura". Auzipetuta dauden hiru kideentzat eskatutako zigor eskaerez ere ohartarazi dute: zazpi urte eta erdi Gilentzat, hiru eta erdi Escribanorentzat, eta ia 300.000 euroko isuna. Ondarearen aurkako ustezko kalteengatik jaso dituzte halako zigor eskaerak, baina plataformak salatu du oraindik frogatu gabe dagoela Iruña-Veleia aztarnategiko "grafito bakar bat ere faltsua izatea, eta, are gutxiago, auzipetuak izatea egileak".

Isabel Maria-Pardo Hernandez epailearen jarreraren inguruan "harridura" azaltzeko ere baliatu dute agerraldia plataformako kideek, epaileak ez duelako deitu deklaratzera kereila jarri zuen ordezkari politikoa —Lorena Lopez de Lacalle aldundiko diputatu ohia—, ezta "piezen faltsutasuna erabaki zuten unibertsitate irakasleak" ere, "nahiz eta bi aldeek eskatu". "Guztiz ulertezina zaigu zergatik ez duten agertu behar ahozko auzi saioan egoera honen sortzaile eta erantzule nagusiak. Benetakotasunaren aldeko txostenen egileek ere (E. Harris, R. Comenero, U. Fritz, K. Van den Driessche...) ezingo dute deklaratu", gehitu dute.

Berretsi egin dute "konbentzituta" daudela Iruña-Veleiako aztarnategian topatutako piezak "benetakoak" direla, eta, beraz, auzipetuak errugabeak direla. Hala, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote auzipetuen aurkako akusazioak baztertu eta "azterketa arkeometrikoak eta indusketa kontrolatuak" bideratu ditzala.

Bizikleta martxa

Larunbaterako, otsailaren 1erako, bizikleta martxa bat antolatu du plataformak epaiketa salatzeko, Zientziarik gabe, justiziarik ez lelopean. 11:00etan abiatuko da, Lakuako autokarabanen aparkalekutik, eta, zenbait geldialdiren ostean, Justizia Jauregiaren aurrean egingo dute amaierako ekitaldia. "Egia jakin nahi dugu, edozein delarik ere", exijitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.