Eusko legebiltzarreko bozak

Rosa Martinez da Ahal Dugu-ren sektore ofizialaren Jaurlaritzako lehendakarigaia

Hauteskunde primarioetarako hautagaitza aurkeztu du. Oraingoz, ez dago beste hautagairik, baina aukera ez dute baztertzen

Rosa Martinez Ahal Dugu-ren lehendakarigai aurkezteko agerraldia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 28a
14:26
Entzun

Atzo EH Bilduko Mahai Politikoak Maddalen Iriarte Jaurlaritzako lehendakarigai izateko proposatu ostean, Ahal Dugu-ren txanda izan da gaur. Hain zuzen, Rosa Martinez izango da haien sektore ofizialaren lehendakarigaia Eusko Jaurlaritzarako. Atzotik ezaguna zen hauteskunde primarioetara aurkezteko erabakia, baina gaur aurkeztu du ofizialki bere hautagaitza, Lander Martinez idazkari nagusiak eta Cristina Makazaga Jarduera Instituzionaleko idazkariak lagunduta. Makazagak esan du «fidagarria, esperientzia politikoduna eta akordioak erdiesteko gaitasuna duen» pertsona bat dela hautagaia.

Lehendakarigai izan aurretik, Martinezek badu ibilbidea politikan. Besteak beste, Equoko bozeramailea izandakoa da, eta Espainiako Kongresuko diputatua ere izan zen, 2015eko eta 2016ko bozetan Bizkaian aurkeztuta. Ondoren, Equo utzi, eta Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile politikoa izan zen.

Martinezek datorren legealdirako duen helburua ere zehaztu du gaurko agerraldian: «Euskadi geldialditik ateratzea da nire erronka». Gainera, prest agertu da «fruituak eman dituen» proiektu baten liderra izateko. «Ahal Dugu Euskadin erreferente eztabaidaezin bihurtu da eskubide sozialen defentsan eta ustelkeriaren eta klientelismoaren aurka egiteko». Akordioetarako, aurrekontuetan esaterako, izan duten «gaitasuna» nabarmendu du hautagaiak, eta ziurtatu du ez direla «diskurtsoan bakarrik geratu». Haren iritziz, gizarteari iruditzen zaio ez direla nahikoa aurreratzen ari eta erakundeak ez direla gai laneko prekaritatea, alokairuen prezioa eta antzeko arazoak konpontzeko. «Gure helburu izan behar du Euskadi berriro aukeren lurraldea izatea eta denontzat duinak izango diren bizi proiektuak sortzea», erantsi du.

Oraingoz primarioetara beste hautagairik aurkeztu ez bada ere, Lander Martinezek ez du aukera hori baztertu. Hala ere, Rosa Martinezekin batera egindako lana azpimarratu du. Ahal Dugu-k herenegun onartu zuen primarioen egutegia; horren arabera, hautagaiak otsailaren 2tik 7ra aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 23tik martxoaren 1era kanpaina egingo dute eta martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia.

Hautagaitzaz ez ezik, koalizioaz ere hitz egin du idazkari nagusiak. Segurutzat jo du Ezker Anitza-IU koalizioan joango dela, aurrekontu akordioan aurkakoa bozkatu badute ere.

Egun, Elkarrekin Podemosek 11 parlamentari ditu Eusko Legebiltzarrean: Ahal Dugu-ko kideak zortzi dira; Ezker Anitza-IUkoak, bi; eta Equokoa, bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.