Aralarko pistak

Hasi dira deklaratzen Aralarko pisten auziarekin lotutako ordezkariak

Hamabost ordezkari politikok eta teknikok deklaratuko dute aste honetan eta hurrengoan. Ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egozten dizkiete.

Enirio eta Igaratza arteko pista berria, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urtarrilaren 27a
09:58
Entzun

Gaur hasi dira Aralarko pisten auziarekin lotutakoen deklarazioak. Orotara hamabost ordezkari politikok eta teknikok Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian deklaratu beharko dute aste honetan eta hurrengoan. Hala ere, gaur ez da epaiketa hasi, Enirio-Doniturrieta pistaren auzia oraindik instrukzioan baitago.

Aralarko pisten inguruko liskarra ez da berria. 2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara doan bideko obrak. 2,7 kilometroko bidea da, eta Enirio eta Doniturrietako bordak lotzen ditu. Orduan, Landarlan eta Eguzki plataforma ekologistek salaketa bat jarri zieten obrei baietza eman zieten udal hautetsiei —EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente; tartean mankomunitateko presidentea—, ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak eta prebarikazioa egotzita. «Legez babestutako zuhaitzak bota ziren, eta jada iristeko pista zuten txabolei beste pista bat egin zitzaien», esan dute Eguzkik eta Landarlanek, ohar batean. Horiez gain, mankomunitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Haziko teknikoek ere deklaratu beharko dute. 

«Ez dira ikertuak izaten ari, beraiek dioten bezala, mendi bide bat egokitzeagatik, baizik eta oinezkoentzako bidexka batean ia lau metro zabaleko pista bat egiteagatik ibilgailuentzat», ziurtatu dute bi taldeek. Haien iritziz, udaletako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ongi ezagutu beharko lukete Aralarko legedia.

Eguzkik eta Landarlanek nabarmendu dute beren lana dela «ingurumenaren defentsarako ahotsa» izatea eta horri kalte egiten dioten ekintzei «modu aktiboan» erantzutea. Aralarko pisten kasuan ere horrela egingo dutela esan dute: «Guretzat nabariak diren lege hauste hauen salaketaren azken helburua da suntsitutako lurzorua ahalik eta gehien lehengoratzea».

Deklaratu beharko duten zazpi udal ordezkariek agerraldi bat egin zuten abenduan, Aralarko pisten alde bozkatzeagatik auzipetzea «injustizia» dela esateko. Orduan, Enirio-Aralar mankomunitatean «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela salatu zuten.

 

Ezkerrean egungo egoera eta eskubian pista eraiki aurrekoa

(Ezkerrean, egungo egoera; eskuinean, pista egin aurrekoa)

Aldundiak «babesa»

Gipuzkoako Foru Aldundiak auzipetuei «babesa» adierazi die Aralarko pistengatik. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak esan du aldundiak obrak onartu zituela mankomunitateak eskatuta eta «legeak ezarritako prozedurak» betez. Erantsi du egitasmoaren arrazoi nagusia bertako artzainen «bizi baldintzak babestea eta irisgarritasun baldintzak eguneratzea» dela: «Artzaintza da Aralarko balio kulturala babesteko eta bermatzeko aktibo nagusia».

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrerantzean ere Aralarko pisten alde egingo duela ziurtatu du Lasak: «Aralarko pisten aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; eragile nagusiekin elkarlanean, berme tekniko eta juridikoen babespean, eta betiere sektorearen etorkizuna bermatzeko konpromiso irmoarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.