Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Ernesto Gasco (Donostia, 1963) Donostiako PSE-EEko zinegotzia aukeratu du haur pobreziaren aurkako goi mandatari kargurako. Gobernuaren presidentetza egituraren barruan dago goi kargu hori, eta haren eginbeharren artean daude haurtzaroan ematen diren desberdintasun sozialen eta pobrezia kasuen aurkako politikak koordinatzea. Ministroen Kontseiluak bihar egingo du ofizial izendapena.
Gasco Donostiako Udaleko bigarren alkateorde eta Sustapen, Garapen Ekonomikoa eta Turismo zinegotzia da iaztik. Joan den legealdian ere Donostiako udal gobernuko alkateordea izan zen, eta kargu horretan zela hautsak harrotu zituen 2016an bere Instagram kontuan eskegitako argazki bati egindako iruzkinak. Argazkian etxegabe bat agertzen zen Donostiako kale batean lo egiten, eta argazki horren azpian honako hau idatzi zuen Gascok, gazteleraz: Servicio de habitaciones? (Logela zerbitzurik?). Polemika bizia piztu zuen testu hark, eta Gascok segituan ezabatu zuen bere kontutik.
Gascok aste honetan bertan uko egingo die Donostiako udalean dituen karguei. Behin zinegotzi kargua utzita, haren tokia Cristina Lagek hartuko du udalean. Iazko udal hauteskundeetan Donostiako udalerako zerrendetan seigarren postuan aurkeztu zen Lage. Independente gisa aurkeztu zuen bere burua.
Haur pobreziaren aurkako goi mandatariaren kargua Mari Klosek bete zuen joan den legealdian. Apirilaz geroztik eta Espainiako Gobernua jardunean egon zen bitartean, bulegoko zuzendari Sandra Leon Alfonsok bete zuen postua, behin-behinean. Leon Alfonsok ekainean laga zuen kargua.