Katalunia

Torra diputatu aktarik gabe uzteko erabakia babestu du Gorenak

Auzitegiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak uko egin dio Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua behin-behinean eteteari. Erabakia indarrean egongo da Kataluniako presidentearen aurkako inhabilitazio ebazpena irmoa bilakatzen den arte.

Quim Torra, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCIA / EFE
Berria
2020ko urtarrilaren 23a
16:44
Entzun

Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salak uko egin dio Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua behin-behinean eteteari, Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu akta kentzeari buruzko auzian. Kataluniako Auzitegi Nagusiak urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri zion Torrari, desobedientzia delitua egotzita, eta horren harira akta kentzea erabaki zuen hauteskunde batzordeak.

Torrak eskatu zuen batzordearen erabakiari kautelazko neurriak ezartzea —fiskaltzak gauza bera defendatu du—, baina Gorenak ez du bete Kataluniako presidentearen eskaria. Hortaz, auzitegiak baimena eman du agintariari akta kentzeko, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia irmoa bilakatzen den arte; auzitegi horrek inhabilitazioari buruzko epaia eman zuenean, Torrak defendatu zuen ez zuela onartzen ebazpen hori.

Ikusteko dago erabakiak zer eragin izango duen Kataluniako presidentearengan. Hauteskunde batzordeak Kataluniako Parlamentuaren esku utzi zuen gobernuburu karguarekin zer egin erabakitzea, eta ganberako zerbitzu juridikoek ebatzi zuten Torra Kataluniako presidente izan daitekeela diputatu ez den arren.

Egun berean, Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari kargugabetuari jakinarazi diote haren estradizioari buruzko epaiketa maiatzaren 11n hasiko dutela; Edinburgon dago egun, eta han egingo dute ahozko saioa. Dena den, data horretarako Ponsatik immunitatea izan lezake, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Europako Parlamentuko diputatu izaera aitortuko baitio; brexit-aren ondorioz, Espainiatik doazen ordezkari kopurua igo egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.