Urte hasiera beltza izan da lan istripuen alorrean. Herenegun hil ziren azkenengo biak; urtea hasi denetik, zortzi. Azkenengo urteetan lan istripuen kopuruak ez du behera egin, eta, 2018ko datuekin alderatuta 2019an istripu larri eta hildako gutxiago egon ziren arren, oro har Hego Euskal Herriko ezbeharren kopuruak gora egiten jarraitzen duela ohartarazi dute sindikatuek. Iaz, egunero 311 pertsonak izan zuten lan istripu bat edo lanarekin loturiko gaixotasunen bat.
Horren berri emateko agerraldi bat egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruko kideek Donostian —hemen txostena—. Hilaren 30eko greba orokorrera deitu dute, eta gogoratu mobilizazio horretako aldarrikapen nagusien artean lan istripuei aurre egiteko neurriak ere azaltzen direla. Nabarmendu dute ezbehar horien «faktore nagusiak» direla azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekaritatea.
Instituzioen jarrera ere salatu dute, eta bereziki lan ikuskaritzena; salatu dute ez dutela «behar besteko irmotasunik» agertzen enpresei jarri beharreko eskakizunetan eta zigorretan, eta «agerikoa» dela «kontrolik eta jarraipenik eza». Azpimarratu dute erakundeen aurrekontu publikoen %0,1 baino gutxiago bideratzen dutela prebentzio neurrietara. «Hori horrela den bitartean, egoerari buelta ematerik ez dago».
Erakundeek oraindik ez dituzte jaso eta zabaldu iaz izandako lan istripu guztien zifrak —EAEn, abendukoak falta dira oraindik, eta Nafarroan, azken hiruhilekoak—. Hori kontuan hartuta, 98.000 inguru izan ziren iaz Hego Euskal Herri osoan. Erdia inguruk mediku txostena behar izan zuten, eta beste erdiak, ez. EAEn gora egin zuten istripu arin gisa izendatutakoek, eta behera larriek eta hilgarriek. Nafarroan, guztiak igo ziren 2018ko datuekin alderatuta.
Arinak, ez hain arin
Sindikatuek ohartarazi dutenez, lesioaren larritasunaren arabera sailkatzen dira, «nahiz eta horretarako definizio legalik eta teknikorik ez egon». Hala, azpimarratu dute 2019an erakundeek istripu arintzat jo zituztela ezbehar guztien %94,5 EAEn eta %99,5 Nafarroan. Sindikatuek salatu dute azken bost urteetan istripu arinek «nabarmen» egin dutela gora, eragile batzuek interesa dutelako hala sailkatzeko. «Mutualitateek gero eta garrantzia gutxiago aitortzen diete haien larritasunari. Gisa horretara, enpresek ekidin egiten dute lan ikuskaritzek istripuak aztertzea eta ondorioz, istripua berriro gerta ez dadin dagozkion neurriak hartzeari uko egiten zaio».
Gogoratu dute, halaber, erakundeek erregistratu gabeko datuak ere badaudela — in itinere edo lanerako bidean gertatutakoak, etxeko lan istripuak, kooperatibistenak, garraiolarienak…—, eta beste datu asko, erregistratuak izan ez daitezen, «enpresek, mutuen laguntzarekin, gorde edo ezkutatu» egiten dituztela eta gizarte segurantzara bideratu, laneko istripu edo gaixotasunak izango ez balira bezala. «Aitortuak izan beharko luketen eta ez diren gaixotasunen kopurua eskandalagarria da», salatu dute.
Aipamen berezia egin diete laneko gaixotasunei, «benetan ikusezinak direnei». Baieztatu dutenez, erregistroek «inondik inora» ez dute benetan gertatzen dena erakusten, «asko ez direlako aitortzen edo mutualitateek patologien jatorria (lanekoa) ukatzen dutelako, eta, ondorioz, osasun sistema publikora bideratzen dituztelako, gaixotasun arruntak balira bezala». Salatu dute praktika hori «oso ohikoa» dela arrisku psikosozialekin lotutako kasuetan.