AHTaren aurkako lau ekintzailek Basque Rail Way 2020 jardunaldiak eten dituzte gaur goizean Donostian. Eneko Goia Donostiako alkatea hitz egiten ari zen bitartean, oholtzara igo dira, eta AHTaren aurkako afixak zabaldu eta AHTaren aurkako oihuak egin dituzte. Segurtasunaz arduratzen ari zirenek handik atera dituztenean, jendearen artetik beste bi pertsona altxatu dira afixa gehiagorekin.
Horren ondoren, Goiak atsekabea adierazi du; esan du "lotsagabe" batzuek jardunaldia eten dutela, eta gaineratu du «lau katu» direla. Donostian AHTaren aurka gutxiengo bat dagoela esan du. «Lau katu dira, eta, modu nahiko patetikoan, euren iritzia gehiengo bati inposatu nahi izan diote, beste behin», esan du protestaren ondoren hitza hartu duenean berriro.
Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzak, Eusko Trenbideak-ek eta Euskal Trenbide Sareak antolatu dituzte, eta 600 ikusle inguru daude. Gaur inauguratu dituzte, eta han dira Jose Luis Abalos Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroa, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Azpiegitura sailburua eta Francois Davenne Nazioarteko Trenbideen Batasuneko zuzendari nagusia.
Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroa eta Arantxa Tapia Azpiegitura sailburua, protestaren unean. / Javier Etxezarreta, EFE
Arantxa Tapiak ere «inposaketa» gisara hartu du protesta, eta esan du hori ez dela «demokrazia». "Eskerrik asko hemen egoteagatik eta pazientziaz aguantatzeagatik", esan die parte hartzaileei. «Euskal Herria [sic] denon artean askatu beharko dugu, eta gutxi batzuen iritzia inposatzea ez da demokrazia. Demokrazia da 600 pertsonak hemen gutxi batzuen hitzaldia entzutea».
«Konpromisoa» AHTarekin
«Guretzako lehentasuna da euskal Y-a bukatzea». Hori esan du Arantxa Tapiak, gaur goizean Jose Luis Abalos Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako ministroarekin bildu ostean. Tapiak ziurtatu du bilera horretan bi gobernuek AHTarekiko «konpromisoa» berretsi dutela. Abalosek nabarmendu duenez, gobernu berria eratuta, beharrezkoa zen euskal agendari berriz heltzea.
Alderdi positibora begira jarri da Tapia, eta esan du ingurumenarentzako ona izango dela AHTa: «Hori izango da bide bakarra gure errepideetan autoen eta kamioien garraioa arintzeko». Izan ere, azaldu duenez, bidaiarientzako eta merkantzientzako zerbitzuak eskainiko dira, eta bidaia luzeak nahiz laburragoak egiteko aukera egongo da. «Hainbat zerbitzu martxan jartzen eta aurrera egiten lagunduko digu».
Abalos ez da hain baikorra izan, eta bidean izan dituzten oztopoak aipatu ditu; besteak beste, integrazioak. «Trenbide sarearen estruktura oso bideratuta dago, baina integrazioekin dago arazoa», zehaztu du. 2023rako obrak bukatuta egongo ote diren galdetuta, esan du ez dakiela hori bideragarria den, baina lanean jarraituko dutela. Horretarako, Tapiak eta Abalosek otsailaren 13an egingo dute hurrengo bilera, eta bertan zehaztasun handiagoarekin landuko dituzte AHTa amaitzeko jarraitu beharreko pausoak.