EUSKARA

Hizkuntzarekin jolasteko unitate didaktiko sorta bat aurkeztu dute

Hiru unitate didaktiko biltzen ditu Hizkuntzarekin Jolasean sortak: Mahai-jolasa, Sare Sozialetan eta Txistealdia. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat prestatu dituzte, eta webgune batean bildu, irakasleek nahieran erabiltzeko. 

Unitate didaktikoen aurkezpena, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urtarrilaren 16a
14:05
Entzun

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz fundazioaren egoitzan aurkeztu dute Hizkuntzarekin Jolasean unitate didaktiko sorta, Donostiako Miramar jauregian, eta han izan dira unitate didaktikoaren egileak: Kike Amonarriz zuzendaria, Iñaki Zapirain aholkulari pedagogikoa, Leire Ruiz de Angulo diseinatzailea eta Antton Telleria aurkezlea. Unitate sortaren izenak berak dioen gisan, hizkuntzarekin jolastea du helburua: taldean egin beharreko hainbat ariketaren bitartez, ikasleek mahai jolas bat, sare sozialetarako umorezko euskarriak eta txisteak sortu beharko dituzte, bertzeak bertze.

Webgune batean bildu dute guztia, eta Amonarrizek azaldu duenez, dohainik dago nahi duen orok erabil dezan: «Kopiatu daiteke, ongi kopiatuz gero» , erran du, umorez. Zapirainek nabarmendu duenez, «metodologia aktiboetan» oinarritu dira edukia diseinatzeko: «Helburua da ikasleak jolasean jarri eta ongi pasatzea, baina edukiak ere ongi barneratuta, horiekin zerbait sortzeko» . Unitate bakoitzean hiru fase daude, eta erronka bat proposatzen zaie ikasleei, elkarlanean ariz, hari erantzuteko. Unitate didaktikoen barnean dauden ariketak, dena den, atalka ere egin daitezkeela zehaztu dute.

Hizkuntzaren jolasa

Unitate didaktikoaren helburua da ikasleen euskararen erabilera sustatzea, eta, horren bitartez, ezagutza linguistikoa hobetu eta hizkuntzarekiko atxikimendua sendotzea ere bai. Horretarako ahalik eta erakargarriena egiten saiatu dira: webgunea dinamikoa da, eta Telleriak berak aurkezten dituen bideoak zein webgunean bertan osa daitezkeen ariketak daude, adibide gisa. Balioak sustatzen ere saiatu dira, zeharka: genero berdintasuna eta kulturaniztasuna, erraterako.

5. eta 6. mailako ikasleentzat erreferentziak bilatzea kostatu zaie gehien, eta, horretarako, Tolosako eta Errenteriako hainbat gazteri galdetu diete haien erreferenteei buruz. Haiek errandakoei jarraikiz, Zuriñe Hidalgok, Julen Telleriak, Iker Galartzak eta Idoia Torregaraik parte hartu dute proiektuko zenbait bideotan. Unitate didaktikoen egileek zehaztu dute adin horretako ikasleentzat prestatu badute ere zaharragoentzat ere balio duela, eta webgunean irakasleentzako argibideak ere txertatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.