Greba orokorra

Lander Martinezek ez du bat egingo greba deialdiarekin

Martinezek salatu du «hauteskunde asmoak» daudela mobilizazioen atzean, eta deitzaileei leporatu die Espainiako Gobernu berriari «konfiantza tarterik» ez ematea.

Martinez, bere alderdiko ekitaldi batean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
2020ko urtarrilaren 16a
17:02
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak ez du greba egingo urtarrilaren 30ean. «Kezkatuta» agertu da; haren ustez, «sektore batzuek» mobilizazio hori erabili nahi dutelako «hauteskunde asmoekin». Berak lanuzterik egingo ez duen arren, adierazi du alderdiko militanteak «aske» direla bat egiteko edo bat ez egiteko.

Martinezek adierazi du ez duela argi Euskal Herriko Gutun Sozialak —besteak beste, ELA eta LAB sindikatuek— zeinen aurka deitu duen greba: Eusko Jaurlaritzaren aurka, Espainiako Gobernuaren aurka, ala bien aurka. Baina aldarrikapenak zeintzuk diren ikusita, uste du Madrilgo gobernuaren kontrakoa dela.

Deitzaileei leporatu die «konfiantza tarterik» ez ematea PSOEren eta Unidas Podemosen arteko koalizio gobernuari. «Greba honetan egiten diren aldarrikapenik gehienak estatuaren eskumenekoak dira, eta oraindik ezin izan dugu ikusi zein izango den gobernuaren jarrera gai horietan».

Greba deialdiko aldarrikapenen artean, pentsioen igoera azaltzen da, eta, Martinezek azpimarratu duenez, «hain justu», Pedro Sanchezen gobernuak hartu duen lehen erabakia izan da horiek %0,9 igotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.