Katalunia

Europako Parlamentuak Puigdemonten eta Cominen aurkako suplikatorioa hasi du

PSOEk immunitatea kentzearen alde egingo balu bere hitza «jango» lukeela esan du Cominek gaur BERRIAn argitaraturiko elkarrizketan

Ewa Bozena Kopacz Europako Parlamentuko presidenteordea. PLATFORMA OBYWATELSKA RP
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 16a
10:16
Entzun

Europako Legebiltzarrak gaur iragarri du Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuen kontrako suplikatorioa hasi duela. Espainiako epaileek parlamentuari eskatu diote legebiltzarkideei immunitatea kentzeko, epaitu ahal izateko. «Gure erakundeko presidenteari idatzi diote Espainiako agintariek, eskatzeko Carles Puigdemonti eta Toni Comini immunitatea kentzeko, bi eurodiputatuen aurkako epai ikerketekin jarraitu ahal izateko. Eskera hori Lege Auzien Batzordean aurkeztuko da», esan du parlamentuko presidenteorde Ewa Bozena Kopaczek.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuak eta Comin Osasun kontseilari izandakoak bi urte eta bi hilabete daramatzate Belgikan, erbestean. Abenduaren amaieran, Europako Justizia Auzitegiak erabaki zuen Oriol Junquerasek immunitatea zuela maiatzeko bozetan eurodiputatu aukeratu zutenetik, eta, beraz, indargabetu egin behar zutela haren aurkako behin-behineko espetxealdia. Junqueras kartzelan dago, baina erabakiak eragina izan zuen Puigdemonten eta Cominen kasuan: abenduaren 20an, europarlamentari akreditazioak jaso zituzten.

Cominek gaur BERRIAn argitaraturiko elkarrizketan esan duenez, PSOEk suplikatorioaren alde egingo balu, «bere hitza jango luke». Suplikatorioaren bozketa galduta ere, «izan dezakegu garaipen politiko bat. Badakigu oso zaila dela bozketa irabaztea, baina lan egingo dugu horretarako», esan du Cominek. «Halere, bozketa galduta ere, eztabaida aprobetxa dezakegu azaltzeko nolakoa den Espainiaren joera autoritarioa. Suplikatorioak bide eman diezaguke jende berria konbentzitzeko eta aliantzak indartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.