Euskal Herriko mendi lasterketarik ospetsuena aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia heldu den maiatzaren 24an jokatuko dute, hemeretzigarren aldiz. Atletek izena emateko epea urtarrilaren 20an hasiko da, heldu den astelehenean, eta hamar egun izanen dituzte horretarako, hilaren 30era arte. Izen ematea rock the sport webgunearen bidez egin behar dute. Antolakuntzak 150 dortsal gordeko ditu "lasterketak dakartzan konpromisoei aurre egiteko", eta bertze 125, berriz, aitzineko urteetan lehiatu "eta berriz ere parte hartu nahi duten atleten parte hartzea ahalbidetzeko", baita azken bi urteetan markarik onenak egin dituztenentzat ere. Gainerakoentzat, otsailaren 21ean eginen dute dortsalen zozketa.
Gaur goizeko aurkezpenean izan dira Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura eta Kirol diputatua, Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendaria eta Joseba Izagirre Zegamako alkatea. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, mendi maratoia munduko Golden Trail Series lehiaketako zazpi probetako bat izanen da —munduko mendi lasterkaririk onenak bildu nahi ditu lehiaketa horrek proba guztietan—. 400 boluntario baino gehiago ariko dira proba antolatzeko lanean.
Gizonezkoetan Kilian Jornet kataluniarra nagusitu zen iaz. Jornetek bi urte egin zituen Zegama-Aizkorrin parte hartu gabe, eta bederatzigarren aldiz irabazi zuen lasterketa. Lehenbiziko euskal herritarra Ander Iñarra lezoarra izan zen, hamargarren postuan. Emakumezkoetan, berriz, Eli Anne Dvergsdal norvegiarrak irabazi zuen, bere lehenbiziko parte hartzean. Oihana Kortazar elgetarra izan zen lehenbiziko euskal herritarra, borzgarren.
Proba gehiago
42 kilometro ditu lasterketak, eta 5.472 metroko desnibela. Aitzineko egunetan jokatuko dituzte proba nagusiari lotuta dauden bertze biak: lehenik, maiatzaren 24an, gazteen lasterketaren zortzigarren ekitaldia eginen dute, 10,4 kilometroko ibilbidearekin —10:30ean hasiko da—; kilometro bertikala, berriz, maiatzaren 22an izanen da, Zegaman, 16:00etan.