Katalunia

Torra: "Kataluniako diputatua eta presidentea naiz"

Adierazpen instituzionala egin du Generalitateko presidenteak, eta adierazi du ez dituela "onartzen" haren inhabilitazioari buruzko ebazpenak. Puigdemonten eta Cominen kontrako euroaginduei eustea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak.

Quim Torra, artxiboko argazki batean. ALEJANDO GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urtarrilaren 10a
19:57
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du gaur Quim Torra Generalitateko presidentearen inhabilitazioa behin-behinean bertan behera uzteko eskaria. Erabakia arrazoitzeko, argudiatu du Kataluniako Parlamentuak duela azken hitza auzian, eta hark oraingoz ez duela urratsik egin hura inhabilitatzeko; beraz, ez zaio beharrezkoa iruditzen Hauteskunde Batzordeak onartutako zigorra etetea.

Gorenaren erabakiaren ondoren, hitza hartu du Torrak, eta adierazpen instituzionala irakurri du. "Kataluniako diputatua eta presidentea naiz, eta ez dut onartuko nire inhabilitazioari buruzko ebazpenik". Prozesu hori guztia testuinguru jakin honetan ipini du: "Independentismoaren aurkako errepresioaren beste kasu bat da, eta horrelakoekin amaitzeko eskatzen dut".

Roger Torrent Parlamentuko buruak berretsi egin du Gorenak aurreratutakoa, eta urrunago joan da, iragarri baitu Torrak ez diola diputatu izateari utziko. Haren arabera, hautagai bat aukeratua izan ostean, ezin da hura hautaezin izendatu, eta, logika horri jarraikiz, Torrak diputatu karguan jarraitu beharko luke. Horrez gain, Torrentek salatu du Hauteskunde Batzordeak ez duela eskumenik halako erabakiak hartzeko.

Ez du berdin pentsatzen Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak, erresoluzio bidez jakinarazi baitu Torraren diputatu eserlekua baliorik gabe uzten duela. Ondorioz, zerrendako hurrengoari eman dio Torraren lekua, Ferran Mascarelli.

Euroaginduak, indarrean

Espainiako Auzitegi Gorenak indarrean mantenduko ditu Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren eta Toni Comin Kataluniako kontseilari kargugabetuaren kontrako euroaginduak. Pablo Llarena instrukzio epaileak hala erabaki du, nahiz eta Europako Parlamentuak eurodiputatu estatusa onartu zien bi buruzagiei joan den asteartean. Puigdemonti eta Comini bezala, eurodiputatu izaera aitortu zion parlamentuak Junquerasi ere.

Llarenak ebazpenean aitortu du Puigdemont eta Comin eurodiputatuak direla —abenduan jaso zuten egiaztagiria—. Horrenbestez, immunitatea duten artean, Poliziak ezin izango ditu atxilotu Europako Batasunean. Hala ere, euroaginduak indarrean mantenduko ditu. Magistratuak Europako Parlamentuari eskatu dio bertan behera utzi dezala Puigdemonten eta Cominen zigorgabetasuna. Horrez gain, Espainiako lurraldera mugatzen den atxilotze agindua berretsi du.

Luxenburgoko auzitegiaren epaiaren kontrako erabakia hartu zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak, atzo. Ebatzi duenez, Junquerasek ezin du eurodiputatu izan hamahiru urteko inhabilitazioa ezarri ziolako Gorenak berak. Horrenbestez, auzitegiak argudiatu du immunitate bermea galdu duela. Luxenburgoko auzitegiaren irizpidearen aurkakoa da erabakia. EBko Justizia Auzitegiaren arabera, Junqueras eurodiputatua —eta, beraz, zigorgabea— baitzen Gorenak hamahiru urteko espetxera eta epe bereko inhabilitaziora zigortu zuenean.

Junquerasek Twitter bidez gaitzetsi zuen atzo erabakia: «Auzitegi Gorenak Europako legetik kanpo kokatu du estatua. Europan justizia egingo dute, estatuak espetxea eta jazarpena ebatzi ditu. Baina demokraziak beti irabazten du».

Habeas corpus-a

Habeas corpus-a eskatu dute ERCko buru Oriol Junquerasentzat Artur Junqueras haren aitak eta Neus Bramona bikoteak. Manresako (Herrialde Katalanak) epaitegian aurkeztu dute eskaria, eta gutxira jaso dute erantzuna: ukatu egin diote. Epaitegiaren esanetan, ezin zaio habeas corpus-a aplikatu sententzia judizial baten bidez espetxeratutako preso bati.

Junquerasen gertukoek argudiatu dute haren atxiloketa «oinarririk gabekoa» izan zela, eta beraz eskatzen dute aske utz dezatela zaintzako epailearen aurrean deklaratu ostean. ERCko hainbat kideren babesean aurkeztu dute eskaria Manresako epaitegian.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.