Espainiako Espetxe Zuzendaritzak bigarren graduan sailkatu ditu Altsasuko auzian zigortutako zazpi gazteetatik bost, eta, horrenbestez, unean uneko baimenak eskatzeko eskubidea izango dute. Diario de Noticias egunkariak ostiral honetan argitaratu du informazioa. Zehazki, albistearen arabera, Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok, Adur Ramirez de Aldak, Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak jaso dute Espetxe Zaintzaren jakinarazpena. Zigorraren laurdena betea duten honetan sailkatu dituzte bigarren graduan. Bost gazteek unean uneko baimenak eska ditzakete Zaballako (Araba) espetxetik ateratzeko, asteburuetan edo jai egunetan. Halaber, bigarren graduan egonik, hirugarren gradura aurreratzeko aukera lukete. Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok eta Adur Ramirez de Aldak 1.151 egun daramatzate kartzelan, eta Jon Ander Cobek eta Julen Goikoetxeak, berriz, 619 egun.
Altsasuko auzian zigortutako beste bi gazteak, Iñaki Abad eta Aratz Urrizola, berriz, hirugarren gradura aldatu zituzten iazko urte amaieran, eta ordutik egunero atera ahal dira kartzelatik lana egiteko edo trebatzeko, eta gaua barruan pasatu behar dute; asteburuak ere kanpoan igarotzen dituzte.