Euskal presoak

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza otsailaren 11n geratuko dira aske

11/13 auzian zigortu zituzten, eta zigorra osorik betetzeko sartu kartzelan. Zaballatik urrundu egin zituen Madrilek. Josu Urrutikoetxearen epaiketa bat Korrekzionaletik Dei Auzitegira eramandute.

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza, joan den irailaren 30ean, Zaballan, kartzelan sartu aurretik.
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 7a
14:59
Entzun

Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal preso eta abokatuak otsailaren 11n geratuko dira aske, 11/13 auziko kartzela zigorra beteta. Martxoaren 1erako zuten ezarria irteteko eguna biek, baina hogei egun murriztu dizkie Espainiako Espetxeetako Erakundeak, atxiloaldian pasatutako egunengatik, bere garaian pasaportea kendu zietelako eta behin-behinean libre egondakoan sinatzera joandako egunengatik.

Iazko irailaren 16an hasi eta bukatu zen 11/13 auziko epaiketa, 47 lagunen aurkakoa, Madrilen, eta, aldeen arteko akordio bat dela bide, Espainiako Auzitegi Nazionalak Zuluetari eta Enparantzari soilik ezarri zien bi urtetik gorako espetxea: Zuluetari hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egunekoa; Enparantzari, bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa. Biak lehendik egonak ziren preso, behin-behinean, eta zigorra osatzeko sartu ziren espetxera. Irailaren 30ean sartu ziren, Zaballakoan (Araba).

Handik aste batzuetara, ordea, Madrilek urrundu egin zituen: urriaren amaieran, Enparantza Estremerako kartzelara (Madril) eta, azaroaren bigarren astean, Zulueta Picassentekora (Valentzia, Herrialde Katalanak). Enparantzaren kasuan, haren familiak «bahiketa» salatu zuen, lau bat egunez egon zirelako euskal presoaren berririk izan gabe. Espetxeetako Erakundeetako iturri batek zioen Enparantzaren lekualdatzea «arrunta» izan zela, ez «zuzena» —egun batekoa—, eta, ondorioz, bost egunekoa izan zitekeela. Halakoetan, «segurtasun arrazoiengatik», ez dute jakinarazten presoa unean-unean non daukaten, ezta nora daramaten ere. Bidaian Guardia Zibilaren eskuetan izaten da presoa. Zuluetaren kasuan, abokatuak eskatu zuen ez lekualdatzeko, baina Madrilek ez zuen jaramonik egin.

Josu Urrutikoetxearen epaiketa bat, Korrekzionaletik Dei Auzitegira

Frantzian gaur ziren egitekoak, Auzitegi Korrekzionalean, Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurkako epaiketa —ETAko zuzendaritzarekin lotura izateaz akusatuta dago—, baina erabaki dute kasua Dei Auzitegira pasatzea. Ez dute finkatu auzi saioaren data. 2010ean, zazpi urteko kartzela ezarri zion Parisek, baina sasian zen hura, eta iazko maiatzean atxilotu ostean eskatu zuen epaiketa berriro egiteko. 

2011-2013an Oslon ETAko egitura politikoan egotea egotzita ere izango du epaiketa bat Parisen, datorren martxoaren 17an. 2017an zortzi urteko zigorra jarri zioten; sasian zegoen orduan ere. 

Biharko, berriz, Urrutikoetxearen aurka Espainiako Estatuak eskatutako bi euroagindu eta bi estradizio eskaerez ebazpena ematekoa da Frantziako Dei Auzitegia. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu ditu euroaginduak: gizateriaren aurkako krimenengatik —Madrilgo Barajasko bi hilketak (2006)— eta herriko tabernen auziagatik. Estradizioak PSOEren gobernuak galdegin ditu: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketarekin (1980) eta Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko erasoko 11 hilketekin (1987) zerikusia izateagatik. 

PPren salaketa bat pankartengatik

Bizkaiko PPk salatu du Luis Briñas Bilboko ikastetxean datorren larunbateko manifestazioaren pankarta bat dagoela —Sare herritar plataformak deitu du martxa–, eta presoak eta iheslariak Euskal Herriratzeko eskatzen duten beste bi txiki ere badirela. «Lotsagarria da», esan du Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidente eta Bilboko zinegotziak, uste baitu ETAko biktimen aurkako «umiliazio bat» dela, baita «presoen omenaldi bat» ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio pankartak «berehala» erretiratzeko. «Nerabeak ezin dira doktrinatu beste egun batez ere, ETAk eta haren presoek ohorea eta omenaldiak merezi dituztela adieraziz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.