Katalunia

Torraren zilegitasuna defendatu du Kataluniako Parlamentuak

Alderdi independentistek adostu dute bide judiziala agortzea, presidentea inhabilitatua izan ez dadin, eta autodeterminazio eskubidearen aldeko apustua berretsi dute.

Torrari txaloka agertu diote babesa gobernuko kideek eta diputatu independentistek. QUIQUE GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 4a
23:04
Entzun

Eskura dituen bide judizial guztiak agortuko ditu Kataluniako Parlamentuak Quim Torra presidentea inhabilitatua izan ez dadin —Auzitegi Gorenak izango du azken hitza horri buruz—. Hala erabaki dute larunbat honetan, ezohiko osoko bilkuran, JxC Junts Per Catalunya, ERC eta CUPeko diputatuek, hiru taldeek adostutako mozio batean.

«Estatu kolpetzat» jo dute Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralak Torra inhabilitatzeko hartutako erabakia, «katalanen borondate politikoaren» eta hango legeen eta erakundeen «aurkakoa» delako, eta zilegitasun osoa aitortu diote egungo presidenteari bere karguan jarraitzeko. Horrekin batera, azpimarratu dute Torrari ezarri ahal zaion «legedi bakarra» dela Kataluniako Estatutuak ezartzen duena eta hango parlamentuarena.

Akordioan ez dute aipatu epaitegietako erabakiei desobeditzeko aukera, baina Torrak, bere hitzaldian, hori zabalik uzteko proposatu die: «Planto egiteko garaia da, legebiltzar honen burujabetza eta bertako kideen bortxaezintasuna defendatzeko. Nahikoa da politika egin nahi duten epaitegiez eta batzordeez», esan du, eta gaineratu du berak hala jokatuko duela. «Demokraziaren aurkako erasoen aurrean, injustizia eta abusuen aurrean, desobedientzia, eskubide bat izateaz gain, obligazio bat ere bada edozein agintari eta herritarrentzat».

Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidentea inhabilitatzeko agindu eta hurrengo egunean, ezohiko saio batera deitu zuten Kataluniako Parlamentuan, ostiralean. Larunbat arratsaldean izan da bilera, eta hainbat alkate joan dira Torrari babesa ematera,; herritarrek protesta egin dute kanpoan, ANCk deituta.

Parlamentuko taldeek hiru mozio aurkeztu dituzte: alderdi independentistek adostutakoa, Catalunya en Comu-Podem taldearena eta PSCrena. Horiek denek testu bateratu bat hitzartzeko aukeraz hitz egin bada ere —ERCk hala eskatu die—, azkenean ez da halakorik gertatu. Saioa bertan behera uzteko eskatu dute PPk eta Ciudadanosek.

Garai berriak

Torraren zilegitasuna defendatzeaz gain, hiru alderdiek galdegin dute Kataluniaren autodeterminazio eskubidea, preso politikoen amnistia, atzerrira alde egin dutenen itzulera eta Kataluniako herritar guztien eskubide zibil eta politiko guztiak bermatzea. Xede horiek lortzeko, «akordio nazional batera» deitu dute.

Puntu horiekin desadostasuna agertu dute Catalunya en Comuko-Podem eta PSCko diputatuek. Bi talde horiek, euren testuetan, hauteskunde batzordea kritikatzera mugatu dira. Sozialisten ustez, erakunde horrek Auzitegi Gorenaren esku utzi behar zuen erabakia. «Gauza bat da hori defendatzea, eta beste bat horrekin batera autodeterminazioa babestea», esan du PSCko Miquel Icetak, independentisten mozioarekin bat egin ez izanaz galdetu diotenean. Icetak, halere, eskua luzatu dio Torrari, «Kataluniako instituzioak babesteko». Espainiako gobernu aldaketarekin batera «aro berri baten hasiera» etorriko dela iragarri du.

Catalunya en Comukoek, berriz, «autogobernuaren kontrako erasotzat» jo dute hauteskunde batzordearen erabakia, eta salatu Espainiako «eskuinaren eta eskuin muturraren estrategiaren» parte izan dela, Espainiako gobernuburuaren inbestidura saioa «oztopatzeko».

Gobernuko bi alderdiek, berriz, batasun irudia eman dute eztabaida saioan. ERCko bozeramaile Marta Vilaltak azpimarratu du errepresioaren aurrean «pitzadurarik» ez dagoela haien artean. «Talde berean gaude», esan dio presidenteari, eta berretsi du epaitegietan edozer gertatuta ere eurek proposatuko dutela Torra izatea Kataluniako Gobernuaren burua Espainiakoarekin osatu asmo duten elkarrizketa mahaian.

JxCko Albert Batetek, berriz, azpimarratu du ez dela sozialistez fidatzen. «Orain artekoa zuzendu nahi baduzue, ekintzak nahi ditugu, eta ez hitzak. Orain duzue horretarako aukera».

CUPeko Carles Rierak Torraren «desobedientzia keinua» babestu du, eta burujabetza kalean defendatzera deitu du. «Autodeterminazioa ez da negoziatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.