Katalunia

Gorenak izango du azken hitza Torraren inhabilitazioari buruz

Kataluniako presidenteak iragarri du helegitea jarriko duela Auzitegi Goreneko Administrazio Auziekiko Salan. Inhabilitazioa etetea eskatuko du, lehen neurri gisa, auzi nagusiari buruz epai irmoa jaso arte.

Torra, gaur, Hauteskunde Batzordearen erabakia aztertzeko eginiko bileran. QUIQUE GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2020ko urtarrilaren 4a
22:59
Entzun

Quim Torra inhabilitatzeko Hauteskunde Batzorde Zentralak hartutako erabakiaren aurka, helegitea aurkeztuko du Kataluniako presidentearen defentsak. Auzitegi Goreneko Administrazio Auziekiko Salan jarriko du, eta horko epaileek erabaki bat hartu arte, inhabilitazioa etetea eskatuko du, lehen neurri gisa. Helegitea jaso ondoren, epaimahaiak 24 ordu izango ditu neurri horri buruz erabakitzeko; sakoneko auziari buruz, ez du eperik.

Torraren abokatuek indarrik gabe utzi nahi dute hauteskunde batzordeak herenegun kaleratutako ebazpena. Argudiatu dute presidentearen oinarrizko eskubideak urratzen dituela; besteak beste, bidezko epaiketa baterako eskubidea, errugabetasun presuntzioa eta aukeratua izateko eskubidea.

Izan ere, erakunde horrek Torra inhabilitatu du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epai batean oinarrituta: desobedientziagatik jarri zion zigor hori, apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan xingola horiak ez kentzeagatik gobernuaren egoitzako balkoitik. Baina ebazpen hori oraindik ez da irmoa, Torrak helegitea jarri diolako Auzitegi Goreneko Zigor Salan. 

Hala, defentsak uste du behin-behineko epaietan oinarrituta batzordeak ezin duela halako erabakirik hartu, eta, beraz, indargabetu beharko litzatekeela herenegun kaleratutakoa. Antzera pentsatzen dute boto partikularra egin zuten batzordeko sei kideek —beste zazpiek aldekoa eman zuten—.

Horrekin batera, Torraren defentsak azpimarratu du Kataluniako Estatutua eta Parlamentuko legedia urratzen duela erabakiak; horren arabera, epai irmoen kasuan soilik inhabilitatu daiteke diputatu bat eta gobernuko presidentea.

Gatazka Gorenean

Administrazio Auzien Salan jarri dute pilota abokatuek. Horrek itxaron dezake Zigor Salak epai irmoa kaleratu arte, baina aurreratuko balitz —eta datozen egunetan eman dezake horri buruzko arrastoren bat, lehen neurria onartuta ala ez—, jurisdikzio gatazka bat sor liteke Goreneko bi salen artean.

Gorenera jotzearekin batera, Torraren defentsak Bartzelonako Hauteskunde Batzordeari eskatu dio batzorde zentralaren erabakia ez gauzatzeko —hari dagokio hori egitea—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.