Ekialde Hurbila

Gerra pitz dezakeen hilketa bat

Qassem Soleimani jeneralak eragin handia zuen, eta haren hilketak mota guztietako ondorioak izan ditzake nazioartean.

Soleimaniren hilketaren aurkako protestak, gaur, Lahoren (Pakistan). RAHAT DAR / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 4a
15:43
Entzun

Pertsona ia mitiko bihurtu dute Qassem Soleimani, Irango Guardia Iraultzaileko jenerala, bai miresleek eta bai etsaiek azken urteetan. Iranek Ekialde Hurbilean zuen geoestrategiaren benetako burua eta sortzailea zen, eta AEBek hura hil izanak ekar ditzakeen ondorioak ez dira aurreikusten errazak. Adil Abdul Mahdi Irakeko lehen ministroak berak aitortu du zortzi pertsona hil dituen erasoak jokalekurik okerrenera eraman dezakeela herrialdea: «Iraken gerra suntsitzaile bat eragin dezakeen metxa piztu du erasoak». Soleimani hil izanaren oihartzuna Libanora, Siriara, Yemenera eta Afganistanera ere zabalduko da; AEBetako hauteskunde kanpainan eragingo du —demokratek jada kritikatu dute operatiboa—; eta Irango protestetatik arreta aldentzeko ere balioko du. Hari eta interes asko korapiloan.

AEBen ekintzaren inguruan jarrera ezberdinak erakutsi dituzte munduko potentzia nagusiek, baina guztiek azpimarratu dute agerikoa dena: tentsioa areagotu egingo da eskualdean. Iranek duen aliaturik indartsuena da Errusia; hark gogor kritikatu du erasoa, «Ekialde Hurbileko egoera politiko-militarrean biolentzia olde bat sor baitezake». Soleimaniren ibilbidea goraipatu du Moskuk, «Ekialde Hurbilean merezitako eragina eta errespetua zituen buruzagi militar trebea»: «AEBek Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioa sortu baino lehen, Soleimanik antolatu zuen EI eta Al-Qaedaren aurkako erresistentzia militarra». Horretaz gain, hilketak «mendeku bat» dirudiela esan du Konstantin Kosatxov nazioarteko gaietarako senatariak —abenduaren 31n, milaka pertsonak hartu zuten AEBek Bagdaden duten enbaxada, «gure presidentea Soleimani da!» oihuka—, eta gehitu du joana dela AEBen eta Iranen arteko itun nuklearra salbatzeko azken itxaropena.

Siriak ere elkartasuna adierazi die Iraki eta Irani, eta Trumpen gobernuari egotzi dizkio eskualdeko gatazkak eta tentsioak. Baxar Al-Assaden gobernuaren ustez, «traizioz egindako eraso kriminal bat» izan da Washingtonena, eta gehitu du AEBak «gaizkile taldeen metodoetara» hurbildu direla. Irango Guardia Iraultzailea ezinbesteko aliatua izan da Siriarentzat 2011. urtean gerra hasi zenetik, eta Soleimani bera Sirian izana zen milizien operazioak gainbegiratzen.

Israel da Soleimaniren hilketak zuzenean eragin diezaiekeen herrialdeetako bat, eta albistea jakin bezain pronto hasi da badaezpada neurriak hartzen. Besteak beste, Siriako lurralde okupatuko Hermon mendia itxi du —iraganean Siriaren erasoak jasan izan ditu, eta Libanoko mugatik kilometro gutxira dago—, eta segurtasun neurriak areagotu ditu enbaxadetan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak Trumpen erabaki «azkarra eta indartsua» goraipatu du, baita AEBen arrazoiak babestu ere: «Soleimani errugabe asko hil izanaren erantzulea da, eta eraso gehiago planifikatzen ari zen».

Hamas erakunde palestinarra ez da iritzi berekoa. Soleimanik erresistentzia palestinarraren alde zuen papera eskertu du, eta AEBek eskualdean «Israelen okupazioari mesede egiteko sortzen dituzten gatazkak» gaitzetsi ditu.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere, Antonio Guterresek, beste gerra bat piztearen mehatxua kritikatu du: «Munduak ezin du beste gerra bat onartu Persiar golkoan».

EBko herrialdeak, hilketaren alde

Europako Batasuneko herrialde indartsuenetako ordezkariek ere hitz egin dute Soleimaniren hilketaren inguruan. Alemanian, gobernuko ordezkariek uko egin diote hilketa kondenatzeari, eta bat egin dute «AEBek Iranen eginkizun suntsitzaileari egiten dioten kritikarekin». Argudiatu duteEBren terroristen zerrendan zegoela Irango jenerala. Dena den, kezka agertu dute Irakeko egoeragatik, eta lasaitasuna eskatu dute: «Eskualdeko gatazkak bide diplomatikoetatik soilik konpon daitezke».

Ildo beretik jo du Dominic Raab Erresuma Batuko Atzerri Ministroak: «Beti aitortu dugu Soleimani buru zuen Quds Indarra mehatxu bat zela. Hura hilda dagoela, alde guztiei lasaitasuna eskatu nahi diet; gatazka handiago bat ez zaigu interesatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.