ESPAINIAKO INBESTIDURA

EH Bilduren oinarrien %81,4k Sanchezen inbestiduran abstenitzearen alde bozkatu dute

Indar subiranistaren zuzendaritzaren proposamena babestu dute.

EH BILDU eta PSOEren arteko bileran, abenduan, Oskar Matute, Gorka Elejabarrieta, Mertxe Aizpurua, Adriana Lastra eta Rafael Simancas. EFE
Igor Susaeta.
2020ko urtarrilaren 3a
13:19
Entzun

EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuak abstenitu egingo dira Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako presidente aukeratzeko inbestidura saioan. Zuzendaritzak egindako proposamenarekin bat eginez, horixe erabaki dute indar subiranistaren oinarriek. %81,4k horren alde bozkatu dute (4.406 boto); %13,9k, kontra (756 boto); eta %4,6k, zuri. Parte hartzea %40,1ekoa izan da (5.441 boto).

Indar subiranistaren mahai politikoak galdera hau planteatu zien kideei: «Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas Podemos alderdiarekin Gobernua eratu dezan?».

Inbestidura hori ez oztopatzeko erabakia publiko egin zuen EH Bilduren zuzendaritzak astearen hasieran. Abstenitzea proposatu zien oinarriei, eta bozketa epe bat ireki zuen. Indar subiranistako zuzendaritzak idazki bat helarazi zien militanteei, adieraziz PSOE eta UP Unidas Podemos Espainiako Gobernuan egonda «aukera bat» ireki daitekeela «soluzioen estrategia bat gaitzeko, elkarrizketatik abiatuta, batez ere espetxe politikari, eskubide sozialen defentsari eta estatua eraginpean hartzen duten lurralde arazo eta arazo nazionalen inguruko elkarrizketa politikoa, gutxienez, irekitzeari dagokienez».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari abstentzioaz galdetu diote gaur Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta galdera batekin erantzun du: «Esertzeko prest dagoen gobernu bat baduzu, zein da alternatiba? Frogatu behar dugu adostutako terminoetan bide bat egiteko gai garela». Nabarmendu du, gainera, «erabat ados» dagoela ERCk eta PSOEk Kataluniako auzirako adostutako «eskemarekin».

Espainiako Gorteetako legealdirako lau ardatz finkatu ditu EH BIlduk: bere «euskal agenda soziala» defendatzea; estatuko beste indar subiranistekin koordinatzea; aukerarik ez ematea «eskuin muturrari» gobernua eskuratzeko eta politikak garatzeko; eta euskal presoen eta iheslarien auzia «bideratzen hastea».

Sanchezen inbestidurarako osoko bilkura bihar hasiko da Espainiako Kongresuan. Bere gobernu proposamena aurkeztuko du ganberan; gainontzeko talde parlamentarioek ere hitza hartuko dute, eta, saioa aurreikusi bezala baldin badoa, igandean izango da lehen bozketa. Aurreneko bozketa horretan gehiengo osoa beharko luke presidente izendatua izateko, baina ez da gai izango 176 diputaturen baiezkoa bereganatzeko. Bigarren bozketa astearterako dago deituta, hilaren 7rako, eta orduan nahikoa izango du gehiengo soila. ERC Esquerra Republicanaren eta EH Bilduren abstentzioek posible egingo dute, azken orduko ezustekorik gertatu ezean, sozialisten hautagaiak, jarduneko presidenteak, karguan jarraitzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.