Soleimaniren hilketa

Iranek "mendeku gogorra" agindu du AEBen kontra

Gidaririk gabeko hegazkin batekin bonbardatu dute Qasem Soleimani Irango Iraultzaren Zaindarien buruzagia zihoan autoa. Irango buru Ali Jameneik «mendeku gogorra» iragarri du.

Bonbardaketaren ondorioz kiskalitako autoetako bat. IRAQ'S SECURITY MEDIA CELL HANDO 7 EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 3a
15:01
Entzun

AEBek Qasem Soleimani Irango Iraultzaren Zaindarien buruzagia hil dute gaur goizaldean, drone batekin eraso eginda, Bagdaden. Horrez gain, beste zortzi lagun ere hil dituzte, tartean Abi Mahdi al Mohandes, Irakeko Herri Mobilizaziorako Indarra milizia xiitako presidenteordea. AEBetako Pentagonoko iturrien arabera, herrialdeko presidente Donald Trumpek agindu zuen erasoa, atzo goizean. Gaineratu dute erasoa «AEBek atzerrian dituzten langileak babesteko» egin dutela. Irakeko lehen ministro Adel Abdul Mahdik Iraken kontrako erasotzat jo ditu hilketak. Irango buru Ali Jameneik, berriz, «mendeku gogorra» iragarri du AEBen aurka.

Erasoa goizaldean egin dute, Bagdadeko aireportutik gertu. Lekukoen arabera, gidaririk gabeko hegazkin batek Irango buruzagi militarra zihoan autoa bonbardatu du. Horren eraginez, bi auto kiskalita geratu dira, eta guztira bederatzi lagun hil. Horien artean izen nabarmenena Qasem Soleimanirena da. Hura Irango buruzagi militarrik ezagunena zen, EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan izaniko rolagatik; besteak beste, Siriako eta Irakeko gerretan parte hartu zuen. Egun, Iraultzaren Zaindariek Irandik kanpo egiten zituzten operazioen buru zen.

Trumpek, erasoaren ostean, AEBetako banderaren argazki bat igo du Twitter kontura, inolako azalpenik eman gabe. Tentsioa, ordea, gora doa. Horren adibide da Washingtonek Iraken dauden estatubatuar guztiei «berehala» herrialdetik irtetea gomendatu izana. Iranek gogor salatu du erasoa, eta herrialdeko buru Ali Jameneik erantzuna iragarri du: «Mendeku gogor bat zain dute haren —Soleimaniren— eta gainontzeko martirien odolarekin eskuak zikinduta dituzten kriminalek». Irango Atzerri ministro Mohamed Javad Zarifek «nazioarteko terrorismotzat» eta «oso arriskutsutzat» jo du AEBek egindakoa, eta nabarmendu du Soleimaniren gidaritzapean zegoela «EIren, Al Qaedaren eta Al Nusraren aurka borrokan ari den indarrik eraginkorrena». Bide beretik, Hezbola alderdi xiitako buru Hasan Nasralak adierazi du «hiltzaile kriminalak» zigortuko dituztela, eta frontean borrokan jarraituko dutela Irak «aske, independente eta terrorismorik gabea» lortu arte.

Irakeko lehen ministroak adierazi du AEBek herrialdean izateko dituzten baldintzen «ageriko urrapena» direla Soleimaniren eta Al Mohadesen hilketak. Izan ere, Bagdadekin adostutakoaren arabera, AEBen rola EIren aurkako borrokara eta Irakeko armada entrenatzera mugatua dago. «Kargu ofizial bat duen Irakeko buruzagi militar baten hilketa Iraken aurkako erasoa da; estatuaren, gobernuaren eta herriaren aurkakoa. Gauza bera lagun diren herrialdeetako buruzagiak garbitzeko operazioak, Irakeko lurretan daudenean», nabarmendu du Adel Abdul Mahdik.

Teheranen eta Washingtonen arteko talka asko tenkatu da azken asteetan. Abenduaren 29an, AEBetako tropek Irakeko milizien hainbat posizio bonbardatu zituzten. Denera, 25 lagun hil eta 50 inguru zauritu zituzten, Herri Mobilizaziorako Indarren esanetan. Washingtonen arabera, Kataib Hezbola talde xiitaren aurkako «eraso defentsiboak» izan ziren bonbardaketa horiek, ustez miliziak armak gordetzeko baliatzen zituzten lekuetan eginak. Erasoari erantzunez, protestan ateratako ehunka herritarrek AEBen enbaxada inguratu zuten Bagdaden, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean. Barrura sartzea lortu zuten, eta sua piztea. Horri erantzunez, AEBetako Defentsa idazkari Mark Esperrek iragarri zuen «ekintza prebentiboak» egingo zituztela.

Hain justu, azken erasoaren harira, AEBek adierazi dute Soleimanik «onetsi» egin zituela AEBetako enbaxadaren aurkako erasoak.

Nazioartea, erne

Nazioartean alarma piztu du AEBek eginiko erasoak. Errusiak, zeinak garrantzi handia hartu baitu Ekialde Hurbileko gatazketan, adierazi du hilketak «ondorio larriak» izan ditzakeela inguruan. Israel ere ondorio posibleei begira dago. Benjamin Netanyahu lehen ministroak eten egin du Grezian egiten ari zen bidaia, eta Naftali Bennet Defentsa ministroak segurtasun indarren buruak elkartu ditu. Txinak, berriz, «lasaitasuna» izatea eta «Iraken subiranotasuna errespetatzea» eskatu die bi aldeei, «batez ere, AEBei». Europan, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak gogoratu du Iraken egoera «oso ahula» dela, eta azpimarratu azken asteetako «biolentzia, probokazio eta errepresalia» zikloa amaitu beharra dagoela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.