Aralarko pistak

«Injustizia» dela salatu dute Aralarko pistengatik auzipetutakoek

Aralarko «mendi bideak egokitzeagatik» auzipetu dituztela adierazi dute zazpi udal ordezkarik. Urtarrilean deklaratuko dute, Tolosako epaitegian.

Agerraldia egin dute gaur arratsaldean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 30a
20:46
Entzun

Enirio-Aralar Mankomunitatean «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu dituztela salatu dute zazpi udal ordezkarik. Prentsaurrekoa eman dute egoera ezagutarazteko mankomunitatean udal ordezkari izan ziren Aloña Urretabizkaiak, Iñigo Olanok, Elena Ruizek, Ainhoa Zuriarrainek, Aitor Altunak, Jon Zubizarretak eta Jose Miguel Santamariak. Bertan egon dira EHNE eta Enba sindikatuak eta Aralarko Baserritarren Elkartea ere. «Bozketa batengatik» auzipetu dituztela ziurtatu dute, eta hori ezin dela onartu: «Demokratikoki hartutako erabakiak gustuko ez izan eta ez izan eta horien zentzua aldatzeko epaitegietara jotzea ez da onargarria».

2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara pista egiteko lanak, eta Enirio-Aralarko Mankomunitatearen gehiengoak babestu zituen. Ekologistek alde bozkatu zutenak salatu zituzten; zazpi guztira –EAJko hiru, EH Bilduko bat eta hiru independente–; tartean mankomunitateko presidentea ere bai. Ingurumenaren eta lurralde antolaketaren aurkako delituak egitea egotzi zieten. Ondorioz, urtarrilean joan beharko dute deklaratzera Tolosako epaitegira (Gipuzkoa). Udal ordezkariek ziurtatu dute «bidea egokitzeko» lanen prozesu administratiboan ez dela «kontrako txosten tekniko edo juridikorik izan».

Bizi duten «indefentsio» egoera ikusita, azpimarratu dute bitan eskatu diotela laguntza mankomunitateko lehendakariari, auzipetuen defentsa juridikoaren kostuak mankomunitateak bere gain har ditzan. Hori ikusita, nabarmendu dute ez dutela erantzunik jaso. Maiatzeko hauteskundeetatik, EH Bilduren esku daude mankomunitatearen lehendakaritza eta gehiengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.