Egunean Behin

60.000ko langa gaindituta amaitu du Egunean Behin-ek bigarren denboraldia

Otsailaren 3an ekingo diote hirugarrenari. Apirilaren 5era arte iraungo du.

Azpeitian jokatutako finala. GORKA RUBIO, FOKU
Iosu Alberdi.
2019ko abenduaren 30a
16:12
Entzun

Egunean Behin aplikazioan 62.175 lagunek jokatu dute partidaren bat azken astean. Zifra horrekin amaitu da jokoaren bigarren denboraldia. Zenbaki ikaragarria, kontuan izanik uda aurretik, hau da, lehen denboraldia amaitzean, 10.000 erabiltzaile inguru zituela. CodeSyntax enpresak sortutako jokoan berriz buru belarri aritzeko —egunean minutu batez bada ere—, otsailaren 3ra arte itxaron beharko da, orduan hasiko baita hirugarren denboraldia. Bi hilabeteko iraupena izango du, apirilaren 5era bitartekoa.

2019. urtea Egunean Behin fenomenoarena izan da. Bai, behintzat, urtearen bigarren erdialdea. Uda aurretik, 10.000 erabiltzaile inguru zituela amaitu zuen aplikazioak lehen denboraldia. Zifra horrek, ordea, gorakada etengabea izan du gaur arte, inoiz euskarazko aplikazio edo joko batek lortu gabeko erabiltzaile kopurura iritsita. Halako zerbait iristeko "gosea" bazegoela sumatu zuten asmatzaileek, eta bai asmatu ere. Abenduaren hasieran, 45.000 lagun ari ziren jokatzen. Herrietako, lagunarteko edo enpresetako taldeak ugaritu ziren; askotan sari propioak banatuta. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ere jokatu zen lehen finala, ordura arte emaitza onenak lortu zituzten jokalariak elkartuta. Urtea amaitu aurretik, aise gainditu du 60.000ko langa.

Orain ez dago itxarotea beste erremediorik. Otsailean ikusiko da ea zer dakarren jokoak. Pertsonaia berriak? Formula matematikoak? Aktualitateko galderak? Nork daki.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.