Egonkortuz doa (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea. Zenbait literaturazalek jarri zuten abian, 2014an, Baztanen (Nafarroa), eta seigarren aldia izango du 2020koa. Urtarrilaren 20tik 26ra bitarte, bost eguneko programa bat prestatu dute Iruritan, Anizen, Elizondon, Erratzun eta Amaiurren. Beltzaren kolore guztiak biltzeko antolatu dituzte hitzaldi, aurkezpen, bazkari, ibilaldi, arte erakusketa eta poesia errezitalak.
Iruritako Gure kaiola elkartean hasiko da programa, urtarrilaren 20an; Horace McCoy idazlearen Hobe nuen etxean gelditu liburuari buruz arituko dira solasean Fernando Rey itzultzailearekin. 22an, Jon Mirande idazlearen lanetan oinarritutako Mirande beltza hitzaldia eskainiko du Amaia Elizalde literatura adituak. 24an, berriz, zinema izango da ardatza: Begoña del Tesok Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak hitzaldia emango du du Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.
Asteburuko programa
Asteburukoa izango da programarik beteena. Elizondon mahai inguru bat emango dute goizean Jon Alonsok, Maribi Elizaldek eta Eneko bidegainek, Mundua Iturenen pasatu zenekoa izenburupean. Bazkaria ere izango da Erratzuko elkartean, eta liburu aurkezpenak egongo dira bazkalostean. Itsu kolpeka liburua aurkeztuko du Alfontso Gartziandia Lardaskak, eta iaz lortutako (H)ilbeltza Bekari esker itzulitako Patricia Highsmith idazlearen Lardaska lana aurkeztuko du Josu Barambones Zubiria itzultzaileak. Susmagarrien gaua egingo dute ondoren.
Ibilbide literarioa egingo dute igandean, Amaiurren hasita. Itzuli beltza deitu dute proposamena, eta izen nagusiarekin batera jarri dioten azalpen laburrak eman dezake saioaren nondik norakoen berri: Kontrabandisten eleak. Poesia kriminalak errezitalak itxiko du programa, 19:00etan, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.
Lehenago jarriko da martxan kultur programa, halere. Urtarrilaren 13an zabalduko dute herriko Arizkunenea Kultur Etxean Bereterretxeren khantoria balada klasikoa oinarri hartuta Begoña Durruty ilustratzaileak egindako lana oinarri duen erakusketa. Arizkunen jaio zen margolaria, 1968an, eta Mikel Laboa katedraren laguntza batekin osatu zuen baladari buruzko lana, 2016an; animazio film labur bat egin zuen Laboaren bertsioarekin, eta lan hori izango da erakusketaren muina.