Euskal presoak

Urtarrilaren 11n Bilbora eta Baionara joateko deia egin dute Iparraldeko Bakegileek eta Sarek

Presoen auzian, Espainiaren balorazio «gazi-gozoa» egin dute; Frantziak, berriz, pausoak eman dituen arren, oraindik «helburutik urrun» daudela azpimarratu dute

Sareren eta Iparraldeko Bakegileen agerraldi bateratua, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 21a
15:31
Entzun

Iparraldeko Bakegileek eta Sarek eskatu dute giza eskubideei baiezkoa esateko eta urtarrilaren 11n Bilboko eta Baionako kaleak betetzeko. Atzo egin zuten deia, Donostian eginiko agerraldi bateratuan. «Iaz milaka izan ginen urratsak eta blokeoa hausteko eskatuz kalera atera ginenak», nabarmendu dute.

Espainiako eta Frantziako estatuek presoen inguruan izan duten jarrera baloratzeko tartea ere hartu dute. Nabarmendu dute ezen Frantziak, gizarte zibilaren bultzadari esker, euskal presoak gerturatu eta batzeko urratsak egin dituela eta DPS estatusa kendu duela. Hala ere, oraindik lana badagoela ziurtatu dute: «Honek kasik lehen fasearen amaieran kokatu gaitu, baina oraindik helburutik urrun gaude». Bereziki, gobernuaren ardurapean dagoen ministerio publikoak duen «blokeoa eta aldaketa eza» aipatu dituzte.

Espainiako Estatuari dagokionez, balorazioa «gazi-gozoagoa» dela diote. Pedro Sanchezen gobernu berriak espetxe politika aldatzeko beharraz adierazpenak egin arren, horiek nahi baino «erritmo eta baldintza kaskarragoetan» gauzatzen direla salatu dute. «Urteak igaro ahala, atzerapausoak ere eman direla baloratzea baino ez zaigu geratzen», gaineratu dute. Horren adibidetzat aipatu dituzte hainbat presoren urruntzeak, larriki gaixo dauden presoak, eta horietako hiru hil izana.

Herritarrak erabakigarri

Estatuak alde batera utzita, gizartearen jarrera azpimarratu dute. Oro har, 2019a «emankorra» izan dela uste dute, Iparraldean hasitako bidea «indartu» eta gero eta «babes eta atxikipen zabalagoa» lortu dutelako. Hegoaldean, berriz, erakundeetan eta maila politikoan, sindikalean eta sozialean lortutako adostasunak nabarmendu dituzte: «Lortutako adostasunak egonkortu egin dira espetxe politika aldatzearen, urruntze politika amaitzearen, gaixo larrien kaleratzearen edo motxiladun haurren egoera amaitzearen inguruan».

Hori aztertuta, bi analisi egin dituzte. Alde batetik, euskal gizarteari dagokionez, argi dute atea zabaldu zaiola «garai berri bati» eta prest dagoela aurrera egiteko; espetxe politika aldatzeko; «salbuespenezko legedia» bertan behera uzteko; eta presoek, legeak ezarritako bideei jarraituz, etxerako bidea hartzeko. «Aurrera egin nahi dugu, eta sufrimendua sortzeari utziz, elkarbizitza erreala gauzatu nahi dugu», esan dute. Beste aldetik, ziur daude Frantziako eta Espainiako estatuen «blokeoaren, erresistentziaren eta erdizkako mugimenduen aurrean» gizarte zibilari dagokiola etorkizunari ateak zabaltzea eta garai berriak sortu dituen baldintzak aprobetxatzea. «Argi dugu aldaketak ez direla estatuen borondatez gertatuko; hala erakusten digu esperientziak. Jendartea da aldaketa horiek gauzatzeko benetako bermea», gaineratu dute.

Hori dela eta, urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan bi estatuei zuzenduko zaizkiela azpimarratu dute. Frantziari exijituko diote «blokeo eta erresistentziak» alboratu eta, hasierako bideari jarraituz, geratzen diren «korapiloak» askatzeko; Espainian osatzear den «ustezko gobernu aurrerakoiari», berriz, adieraziko diote «arduraz» jokatzeko, «erdizkako eta atzeranzko pausoak» alboratu eta oraindik «horrenbeste sufrimendu» sortzen duen espetxe politika aldatzeko.

Sare eta Iparraldeko Bakegileak konbentzituta daude «garai berri bat» iritsi dela, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko. Ziurtatu dute datozen lau urteak «erabakigarriak» izango direla horretarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.