'DE MIGUEL AUZIA'

'De Miguel auziko' zigortuek aske jarraituko dute epaia irmoa izan arte

Badaezpadako neurriak ezarri dizkiete. De Miguelen abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela. Fiskalak eskatu zuen zigorrik handienak dituzten auzipetuak espetxeratzeko.

De Miguel, Arabako Probintzia Auzitegira heltzen, gaur. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
jon olano
2019ko abenduaren 20a
15:59
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegiak gaur erabaki du De Miguel auzian zigorrik handienak jarri dizkieten bost auzipetuek aske jarraitzea, badaezpadako neurriekin, ihes egin ez dezaten. Alfredo de Miguel EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako diputatua (2007-2010), Koldo Otxandiano ABBko kide ohia, Xabier Sanchez Robles Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazte eta Ekintza Komunitarioko zuzendari ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia, Iñaki San Juan Leioako Kultura zinegotzi ohia (EAJ) gaur 09:30erako deitu ditu auzitegiak, aske segituko duten edo espetxera joan beharko duten erabakitzeko.

De Miguel, Telleria, Otxandiano, Sanchez Robles eta San Juanek hamabost egunean behin joan beharko dute epaitegira, eta ezingo dute Espainiako Estatutik atera; pasaportea erretiratu diete, eta etxebizitza aldaketa oro jakinarazi beharko dute.

Josu Montes eta Iñaki Etxaburu ere gaurko saiora deitu ditu auzitegiak, eta horiek ere libre utzi ditu epaileak; hamabost egunean behin agertu beharko dute epaile aurrean. Fiskalak idatzi bat aurkeztu zuen, bostak kartzelatu ditzatela eskatzeko. Garaiz hasi da gaurko saioa, eta 11:15ean etena egin dute, erabaki bat hartzeko. Eguerdian jakinarazi dute erabakia: auzipetuek helegitea jar dezakete, eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen bat eman eta epaia irmoa izan arte, zigortuek libre jarraituko dute.

Hain justu, Gonzalo Susaetak, De Miguelen abokatuak, iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, Arabako Probintzia Auzitegiaren epaiaren aurka. Goizeko auzi saiotik irtetean eman du Susaetak horren berri. Gaineratu du "zentzuzkoa" dela auzipetuek aske jarraitzea.

Epaimahaiak ebazpenean nabarmendu duenez, delituen larritasuna eta ezarritako zigor handia ezin da izan irizpide bakarra auzipetuek ihes egiteko arriskua neurtzeko, eta aintzat hartu behar dira «zigortuen beste ezaugarri pertsonal batzuk»: kasurako, «familia lotura, bitarteko ekonomikoak, beste herrialde batzuekin izan ditzaketen loturak... «Hori esanda, auzitegiak badaki akusatuak ez direla saiatu justiziaren jarduera eragozten, eta deituak izan diren bakoitzean agertu direla, ezarritako orduan».

Arabako Probintzia Auzitegiak ustelkeriagatik zigortu dituDe Miguel auzian epaitutako 26 lagunetatik 15; tartean, Alfredo De Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJren Araba Buru Batzarreko burukide ohiak. Delitu ugari leporatuta zigortu dituzte, besteak beste eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuen faltsutzea. De Migueli, Telleriari eta Otxandianori jarri dizkiete espetxe zigorrik handienetakoak, epaileak frogatutzat jo baitu legez kanpoko komisioak kobratzeko «sare bat» eratu zutela hirurek.

De Migueli ezarri diote espetxe zigorrik handiena, hamahiru urte eta hiru hilabete, baina gehienez bederatzi urte egongo da kartzelan. Fiskaltzak leporatutako delitu gehienak frogatutzat eman ditu epaimahaiak: eroskeria, legez kontrako elkartea eratzea, dirua zuritzea, dirua bidegabe erabiltzea, influentzia trafikoa, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa.

Sententziak argi utzi du De Miguel legez kanpoko komisioak kobratzeaz arduratzen zen «elkarte sare» baten buru izan zela, eta «erantzukizun politikoak edota instituzionalak» zituzten hainbat pertsonaren laguntza izan zuela sare hori egiteko. Zehazki, sententziak frogatutzat jo du De Miguelek, Telleriak ea Otxandianok 2005eko bigarren hiru hilekoan «elkarte sare» bat sortzea pentsatu zutela, eta, horretarako, EAJko kide izateagatik zituzten harreman politikoak eta administratiboak baliatu zituztela. Euren asmoak aurrera eramateko, epaiak dio beste akusatu batzuen «laguntza pertsonala edo enpresariala» jaso zutela, eta pertsona horiek haien zerbitzuan jarri zirela modu «ez-zilegian» aberasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.