'Altsasu auzia'

Iñaki Abad eta Aratz Urrizola Altsasuko gazteak atera dira Zaballako espetxetik

Altsasu auzian espetxe zigorrik txikienak jaso zituzten bi gazteak hirugarren gradura aldatu dituzte. Kalean igaroko dute asteburua.

'Altsasu auzian' auzipetutako gazteen aldeko bizikleta martxa egin zuten urrian Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
2019ko abenduaren 20a
15:23
Entzun

Ia bi urteren ondoren, 11:30 aldean espetxetik atera dira Altsasuko auzian auzipetutako zazpi gazteetatik bi: Iñaki Abad eta Aratz Urrizola. Kanpoan senitartekoak eta lagunak zituzten zain; 35 pertsona inguru, EITBren arabera. Zaballako espetxeak (Araba) aste honetan bertan adierazi du biak egunero atera ahal izango direla kartzelatik lana egiteko edo formatzeko, eta gaua barruan pasatu beharko dutela atzera; asteburuak kanpoan igaroko dituzte. Abadi hiru urte eta erdiko kondena jarri zioten; Urrizolari, lau urte eta bi hilabetekoa. Zigorraren laurdena betea dute. Beste bost gazteak zazpi urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak betetzen ari dira.

Hirugarren gradura aldatzeko, Zaballako espetxeko balorazio batzordeak ebatzi du bi gazteek bizitza arrunta egin dezaketela, eta euren zereginekin jarraituko dutela, lanean nahiz ikasten.

Iñaki Abaden aitak espetxeko sarreran adierazi du «poz handia» eta «tristura handia» sentitu dituztela aldi berean, «oso tristea» baita haientzat gainontzeko gazteak kartzelan egotea. Esan du beren nahia dela espetxean dauden guztiek baimenak lortzea lehenbailehen, gertatutako guztia «injustizia izugarria» delako.

Adur Ramirez de Alda da espetxean jarraituko duten gazteetako bat. Antton Ramirez de Alda aitak asteazkenean BERRIAri adierazi zion oraindik ez zutela idatziz jaso Abaden eta Urrizolaren gradu aldaketa, eta ez zekitela nolakoak izango diren haien baldintzak; «zuhurtasunez» jaso zuten berria: «Pozten gara, baina pena ere badugu beste bost gazteek kartzelan jarraitzen dutelako». Nabarmendu zuen oraindik ere injustizia egoera batean daudela, eta zazpiak aske geratzea nahi duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.