Eduki babestua

Elikadura burujabetzaren bidean

Oiartzungo Udalak lehen urratsak egin ditu elikadura burujabetzaren aldeko bidean. 2016an martxan jarri zuen Lurbizi egitasmoaren barruan, lehen sektoreko profesionalen eta herriko lur jabeen arteko zubi lana ari dira egiten.

Elika kooperatiba da Lurbizi egitasmoaren onuradun izan diren proiektuetako bat. OIARTZUNGO UDALA
2019ko abenduaren 20a
17:12
Entzun

Elikadurak geroz eta garrantzi handiagoa du gizartean: zer jaten dugun, nola jaten dugun, nondik datorren jaten duguna… ez dira gutxi egunerokotasunean sortzen diren kezkak. Euskal Herrian kontsumitzen diren produktuen ehuneko handi bat atzerritik ekarritako elikagaiak izan ohi dira, eta joera horrek lehen sektorearen beherakada nabarmena sorrarazi du azken hamarkadetan. Hori ikusita, Oiartzungo Udalak Lurbizi egitasmoa jarri zuen martxan 2016an, lehen sektorea profesionalki sustatze aldera.

2016an Eustat Euskal Estatistika Erakundeak plazaratutako datuei erreparatuta, Oiartzungo jarduera ekonomikoaren %0,4 baino ez zuen hartzen lehen sektoreak; %0,6koa zen Gipuzkoan. Etxebizitza huts gehienak ere landa eremuan zeuden, 94 hain justu; gehienak baserriak. Gainontzeko sektoreetan oinarritzen zen Oiartzungo jarduera ekonomikoa. Orduko datuen arabera, saltokien %65,8 zerbitzuen alorrekoak ziren; jarduera osoaren erdia baino gehiago. Eraikuntza eta industriaren kasuan, datuak apalagoak ziren: %33,8.

Lurbizi, ibilbidea egiten ari den egitasmoa

Ia lau urte martxan daramatzan Lurbizi egitasmoak baratzezaintza, frutagintza, abeltzaintza eta, orokorrean, lehen sektoreko jarduera ekonomikoa indartzea du helburu. Zubi lana egiten du herriko lur jabeen eta lehen sektoreko langileen artean. «2015ean Oiartzungo Udalak hausnarketa sakona egin zuen landa eremuko herrien arazoaren harira», esan du Eneritz Arbelaitzek, Oiartzungo Udaleko Mendi Ingurumen zinegotziak. Sektore ekonomikoen arteko desorekaren ondorioz, kanpoko produktuen kontsumoa nabarmen nagusitu zen, eta tokiko ekoizleen menpekotasuna areagotu. Dinamika hori apurtu eta elikadura burujabetza berreskuratzeko lan egiten du Lurbizik.

Osasunak geroz eta kezkatuago ditu oiartzuarrak, eta tokian tokikoaren ideiak indarra hartu du azken urteetan: «Eredu bat sortu beharra geneukan gure lurrak eta herritarrak zaintzeko, eta horren emaitza da Lurbizi, errealitatea iraultzeko premiaren emaitza», azpimarratu du Arbelaitzek.

Egitasmoaren hastapenetatik, 40.000 euro bideratu zituen Oiartzungo Udalak proiektua martxan jartzeko, eta, ordutik, urtero bideratzen du diru kopuru bat Lurbizirako. Lau urte beranduago, udalak balorazio oso positiboa egin du egitasmoaren gainean, eta lehen sektoreko langile kopuruaren jaitsierarako joera aldatzeko balio izan du.

Lurbizi ez da, ordea, elikadura burujabetzara bideratutako egitasmo bakarra Oiartzunen. Adibidez, Arraztalo elkarteak Kontsumo Taldea hornitzen du; lehen sektoreko jardunera lotzen ditu gaixotasun psikikoak dituzten pertsonak. Gisa horretan bi helburu nagusi betetzen ditu: psikosoziala eta agroekonomikoa. Lurbizi egitasmoari esker, ekoizpenean gorakada izatea lortu du Arraztalok.

Elikadura burujabetzaren gaia haur eta gazteekin ere lantzen dute, Eskola Agenda 21 programaren bidez. Herriko ikastetxeetan ari dira elikaduraren gaia lantzen: Haurtzaro Ikastolan, Elizalde Herri Eskolan eta Elizalde institutuan. Oiartzungo Udalaren ustez, sentsibilizazio lan hori egitea garrantzitsua da, ikasleak kontzientziatzeko. Horretarako, ikastetxeetan hausnarketak egitea ezinbestekotzat jotzen du udalak.

Herritar guztiengan du eragina gaiak, ez ekoizleengan eta udalean bakarrik; erosleari ere zuzenean eragiten dio. Ez hori bakarrik, merkataritza txikiaren sustapena ere badakar Lurbizi egitasmoak eta eragileen arteko hartu-emanak. Merkataritza txikia suspertzea ezinbestekotzat jotzen du udalak Oiartzungo ekonomia berpizteko. Merkatariek eta herritarrek gaiaren gainean badute zeresana elikadura burujabetzaren bidean, eta haien parte hartzea funtsezkoa dela iritzi dio Udalak. «Herritarrengan eragitea ezinbestekoa da, eta horregatik egiten dugu sentsibilizazio lana», Arbelaitzen hitzetan.

Udala Oiartzungo elikagaien kontsumoa eta lur ondarearen inguruko azterketa amaitzen ari da, eta, urtarrilean emaitzak plazaratuko badituzte ere, iragarri dute «ahalmen» eta «autohornikuntzarako gaitasun handia». Udalak Oiartzunen autohornikuntzarako gaitasuna neurtu nahi du. Lur asko ditu Oiartzunek, baina, gehienak esku pribatuetan daudenez, horiek lehen sektorera bideratzea da helburua. Lan profesionala, baliotsua, garrantzitsua eta duina da lehen sektoreko jarduera, Oiartzungo Udalaren aburuz.

Elika kooperatibak ere elikadura burujabetzaren bidean egiten du lan. Lurbizi egitasmoaren barruan jarri zuten martxan, duela lau urte. Saskiak banatzen ditu kooperatibisten artean, baratzeko produktuz beteak: «45 bat saski banatzen ditugu urtean, batzuk handiak eta besteak txikiak», esan du Joritz Mitxelenak, Elika kooperatibako langileak. Baratzean bertan zuzeneko salmentak ere egiten dituzte, eta herriko zenbait saltokitan ere saltzen dute: Labore Oarson, Oriargin….

Oiartzuarren harrera onari esker aurrera doa Elika, eta langileen balorazioa oso ona da: «Gastuak eta sarrerak berdintzen ari gara jada». Herriko zenbait zerbitzu hornitzeaz ere arduratzen dira; tartean, Urmendi haur eskola eta Haurtzaro ikastola.

Bidegorri inguruko lurrei erabilgarritasuna eman diete, eta erakusgarritasunaren ondotik lortu dute egitasmoaren zabalpena. Gisa honetako ekintza txikien garrantzia nabarmendu du udalak, funtsezko lan tresnak direla elikadura burujabetza lortzeko.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.oiartzun.eus

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.