Espainiako inbestidura

EH Bilduk PSOEri mahai gainean jarri dizkio espetxe politika, murrizketa sozialak eta erabaki eskubidea

Bi taldeek lehen bilera egin dute. Adriana Lastrak eta Rafael Simancas PSOEko ordezkariek Mertxe Aizpurua, Oskar Matute eta Gorka Elejabarrieta hartu dituzte, Kongresuan, Pedro Sanchezen inbestiduraz hitz egiteko. 

Oskar Matute, Gorka Elejabarrieta, Mertxe Aizpurua, Adriana Lastra eta Rafael Simancas, gaur, Kongresuan.
2019ko abenduaren 17a
16:27
Entzun

PSOEk eta EH Bilduk bien arteko lehenengo bilera publiko eta ofiziala egin dute, Madrilen, Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchezen inbestiduraz mintzatzeko. PSOEk deitu du bilera, Sanchezek joan den astean iragarri zuenez. Adriana Lastra sozialisten Kongresuko bozeramailea gaur hasi da talde parlamentarioekin batzartzen, eta EH Bildu eguerdian hartu du, PSOEren bulegoan. Euskal Herriko indar subiranistatik, Mertxe Aizpurua talde parlamentarioko bozeramailea, Oskar Matute bozeramaileordea eta Gorka Elejabarrieta Senatuko eleduna joan dira bilerara, eta PSOEri hiru atal aipatu dizkiote: bakea eta elkarbizitza; murrizketa sozialak eta askatasun demokratikoak; eta plurinazionalitatea eta lurralde krisia. 

«Uste dugu gure erantzukizuna dela guk bezala pentsatzen ez duenarekin hizketarako esertzea», esan zuen atzo Lastrak. «Lehen hartu-eman bat izango da». Bileran Rafael Simancas diputatua ere izan da PSOEtik.

EH Bilduk ohar batean adierazi du bilkura «giro adeitsuan, eraikitzailean, errespetuzkoan eta zintzoan» egin dutela. «EH Bilduk uste du bilera egitea norabide onean doan urratsa dela; logika demokratikoa eta zentzua berreskuratzeko balio du». Bakearen eta elkarbizitzaren atalean, EH Bilduk esan du beharrezkoa dela espetxe politika «berrikustea»; «indarrean dagoen legedia bete behar da, gaur egun ematen zaion salbuespenezko izaera kenduta». Bigarren puntuan, murrizketa sozialak eta askatasun demokratikoen aurkako «erasoak» amaitzeko galdegin dio. Eta Espainiako Estatuko lurralde ereduaren inguruko eztabaida egitea ezinbestekoa dela ere badio EH Bilduk. «Lurralde krisi larri honen irtenbidea da estatuaren izaera plurinazionala aitortzea eta estatuko herriei eta nazioei beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko dagokien eskubidea errespetatzea».

PSOEk eta UPk gobernu akordioa dute egina, baina bien artean ez daukate gehiengo osorik Kongresuan. Sanchez Ines Arrimadas Ciudadanoseko diputatuarekin bildu zen atzo, baita Pablo Casado PPko presidentearekin ere.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan du PSOEk jendaurreko harreman instituzionalik normalizatuena EH Bildurekin, PSE-EEren bitartez. Nafarroan oraintxe ekin dio PSNk, Maria Txibite idazkari nagusi eta gobernuburuak EH Bildu ere sartu baitu datorren urteko aurrekontuei buruzko bilera sailean —Txibitek egin du bilkura publiko bat: azaroaren 27an, Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz parlamentariekin—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.