Boeing, ehun urte baino gehiago dituen konpainia, inoizko krisirik handienean sartuta dago. 737 Max hegazkinen produkzioa etetea erabaki du, urtebetean bi istripu larri izan ostean; azkena, martxoan, Etiopian: 157 hildako izan ziren. Hegazkina lurrera jausi zen, softwarean gertatutako hutsegite tekniko batengatik; 2018ko urrian, Indonesian, 189 pertsona hil ziren.
AEBek eta Europako Batasunak modelo horri hegan egiteko ezarritako debekuek bultzatu dute erabaki hori hartzera. Era berean, American Airlinesek —eta beste konpainia batzuek—, erretiratu egin ditu hegazkin horiek, 2020ko martxora arte, gutxienez.
Konpainiak 450 unitate ditu stockean, eta ez du berririk egingo aireratzeko baimen guztiak lortu arte. 52tik 42ra jaitsi zuen produkzioa apirilean, eta enpresaren asmoa zen ohiko produkziora —hilean 57ra—itzultzea 2020an. Baina atzo iluntzean jakinarazi zuen denbora batez lanak etengo dituela, segurtasun azterketak luzatuko direlakoan.
Konpainiak gehien saltzen duen modeloa da: debekuen aurretik 387 saldu zituen, eta ia beste 5.000 unitate ditu hitzartuak datozen urteetarako.
Kaltetuak eta onuradunak
Lanak eteteak eragin handia izan dezake industria aeronautikoan: Boeingen modelo horretako osagaiak produzitzen dituzten enpresen artean —Europan, Sheffielden (Erresuma Batua)— bereziki, baita hornitzaileen artean ere. Aurten, inoizko diru galerarik handiena izan du konpainia estatubatuarrak: lehenengo seihilekoan, 5.600 milioi euro ingurukoa, eta urrian, beste 2.700 milioikoa.
Oso bestelakoak dira Boeingen lehiakide nagusiaren emaitzak: Airbusenak. Aurtengo lehen seihilekoan, 737 Max modeloari hegan egiteko debekuak ezarri zizkiotenetik, 1.197 milioi euroren irabaziak izan ditu konpainia europarrak; aurreko urteko epe berean baino %141 gehiago.