Bukatu da lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketa, eta, finaletan berdintasun handiagoa espero bazen ere, alde handiz lortu dituzte txapelak Leire Etxanizek eta Miriam Arrillagak.
Pilota gozoan, Etxanizek ez dio aukerarik eman Espinarri, iazko garaileari, eta 22-13 irabazi dio. Bigarren txapela du, 2017koaren ondoren. Dotore hasi da geroko txapelduna, 1-8 aurreratu baita. Lau tanto jarraian egin ditu gero Espinarrek, baina beste partzial luzea sartu dio Etxanizek, eta 5-12 aurreratu da. Hortik aurrera, Espinar saiatu da arriskuak hartuz Etxaniz harrapatzen, baina ondo eutsi dio aurkariaren erasoari. Tantoak amaitzen eta bere ohiko joko sendoa egiten bikain moldatu da gaur irabazlea. Gainera, Espinarrek arazoak izan ditu eskuin eskuan, eta azkenera pilota astindu ezinda jardun du.
Hurrengo finalean, indarra lagun duen Arrillaga eta teknikoagoa den Larrarte izan dira aurrez aurre, eta sendoago aritu da Arrillaga (22-11). Launako berdinketaren ondoren, garailea izan da nagusi. Indarra izateaz aparte, tantoak bikain amaitzen eta kantxan ondo ibiltzen dakiela erakutsi du, eta ondo merezita lortu du modalitate honetako lehenengo txapela.