Espainiako Auzitegi Nazionalak Inocente Montano El Salvadorko defentsa ministrorde eta koronel ohia epaituko du 2020ko ekainaren 8tik uztailaren 16ra. Duela 30 urte El Salvadorren Ignacio Ellakuria euskal herritarra eta beste lau jesuita hiltzeko erabakian eta diseinuan parte hartzea eta haiek hiltzea egozten diote. Eraso berean hiru salvadortar ere hil zituzten.
Ekintza horiengatik Espainiako Justiziaren aurrean erantzungo duen lehen El Salvadorko militar ohia da Montano, eta fiskaltzak 15 urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat. Montanorekin batera epaituko dute Rene Yusshy El Salvadorko armadako teniente ohia ere. Harentzat hilketa bakoitzeko urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Fiskaltzak, Justiziarekin elkarlanean jardun duelakoan.
Espainiako Justiziak hogei militar ohi inguru auzipetu ditu kasuan, baina El Salvadorko erakundeek ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano AEBetan atxilotu zuten, eta gobernu estatubatuarrak Espainiaren esku utzi zuen 2017an. Espainiako Auzitegi Nazionalak, epaiketa gerturatzen ari zela ikusita, bi urtez gehiagoz espetxean mantentzea erabaki zuen duela gutxi.