feminismoa

Feministaldia Donostiako Kontadoresen egingo dute bihartik larunbatera arte

Hamalaugarren aldiz egiten ari dira Feministaldia. Orain arteko ekintza gehienak Tabakaleran egin dituzte, baina Kontadoresera igaroko dira bihartik larunbatera arte

Feministaldiaren aurkezpena, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 11
18:22
Entzun

Pilulak leloa oinarri hartuta, zaurgarritasunari, eromenari eta desorekei begira jarri dira hamalaugarren Feministaldian. Gaur egin dute aurkezpena, Donostiako Kontadores gazte zentroan, eta bertan izan dira Juana Aranguren Plazandreok kolektiboko antolatzailea, Leire San Martin eta Josebe Iturrioz Feministaldiko koordinatzaileak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Duñike Agirrezabalaga Donostiako Berdintasun zinegotzia eta Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria.

Azaroaren 23an ekin zioten Feministaldiari, Koldo Mitxelenan, eta larunbatera arte luzatuko da. Orain arteko ekintza ia denak Tabakaleran egin dituzte, baina bihartik aurrera Kontadoresera mugitzea erabaki dute, «periferietara» itzultzeko asmoz. «Aurreneko Feministaldia Artelekun egin genuen, eta gogoa geneukan hiriak eskaintzen dituen beste bazter batzuetara jotzeko», gaineratu du Iturriozek.

Azken hamalau urteetan bezala, emakume sortzaileen topagunea izaten jarraitzea nahi dute: «Espazio bat eskaintzen die feminismoari eta gogoetari, eta emakumeen arteko sareak sortzeko aukera ematen du», esan du Landaidak. Ideia horrekin bat egin du Agirrezabalagak ere: «Artea, politika eta filosofiaren gisako kultur diziplinetan emakumeek egiten duten ekoizpenaren topagunea da». Gainera, Landaidak nabarmendu duenez, gizarte sexistatik aldentzen diren kultur proposamenak egitea ere badu helburutzat.

Feministaldiak azpigai bat aukeratzen du urtero, eta horren inguruan osatzen da programazioa, San Martinek azaldu duenez. Aurtengoan, «pilulak» gaia aukeratu dute. «Pilularen ideia ez da bakarrik hainbat pilula antolatzen ditugulako, baizik eta farmakoen mundura eramaten gaituelako zuzenean», zehaztu du. Alde horretatik, lotura bat ikusi dute hiesa zuten gaixoek pilulekin egiten zutenaren eta Feministaldiak proposatzen duenaren artean. Azaldu duenez, hiesa zeukaten batzuei botikak ematen zizkieten, eta beste batzuei, plazeboak soilik. Hori ikusita, birusa zeukatenak pilulak irekitzen hasi ziren, barruan zer zegoen ikusteko. «Gai hau ireki nahi dugu, eta kritikoki begiratu patologizazioaren eta farmakologizazioaren ideiei eta erakunde medikoei, baita gaixo eta osasun dikotomiaren artean zer dagoen ikusi ere». Programa gehienbat gai horien ingurukoa izango da, baina beste hainbat gauza lantzeko ere baliatuko dute Feministaldia.

Pil-pilean dauden gaiak

Buruko osasunaz ez ezik, prostituzioaz eta transexualitateaz ere jardungo dute hurrengo egunetan. Horretarako, Buru osasuna eta feminismoak: zaurgarritasuna potentzial gisa mahai ingurua izango dute larunbatean, Maria Zapatarekin, Susanna Minguellekin eta Marta Plazarekin. Egun berean arituko dira prostituzioaz ere. Hain zuzen, Prostituzioa: elkarrizketa eta etika feminista mahai ingurua egingo dute Sabrina Sanchezek eta Tere Maldonadok. Bestalde, transexualitatea ere landuko dute. Horretarako antolatu dute Bitasunetik at, praktika aktibistak mahai ingurua. «Gai pila bat jarri ditugu mahai gainean orain arte, eta aurrerantzean ere horretan jarraitzeko asmoa daukagu», azpimarratu du San Martinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.