Gaixotasun luze baten ostean, 67 urte zituela hil da Gorka Reizabal kazetaria. Donostian jaioa, Pato ezizenez ezaguna zen kirol munduan. Futbolarekin eta Realarekin izan zuen lotura estua. Esate baterako, Realak 1981. urtean lehenengoz Espainiako Liga irabazi zuenean, Herri Irratiarentzat aritu zen partidaren kontakizuna egiten —Realaren aurreneko kronika sei urte lehenago idatzi zuen, 1975ean—. Hala ere, irratigintzan SER irratian eman zituen urte gehienak. Prentsa idatzian, Egin, Argia, El Diario Vasco eta El Mundo-rentzat idatzi zuen. Telebistan ere egin zuen lan: TVEn eta ETBn. Patxi Alonsorekin batera, ETB2ko El Derby kirol saioa aurkezten aritu zen.
Zeruko Argia aldizkarian legezko zuzendaria izan zen, 1976etik 1978ra. Bestetik, 1973an Eguna egunarkari buuzko tesina aurkeztu zuen Nafarroako Unibertsitatean
Arrauna ere maite zuen Reizabalek; Deia egunkarirako Gora arraunak lana idatzi zuen, euskal arraunaren historiaren inguruan. Bi liburu idatzi zituen arraunaren ingurukoak. Bestetik, hainbat urtez Pasaiako Portuko komunikazio arduraduna izan zen.
Reizabalek aurten egin zuen azkeneko agerraldia, maiatzean. Realak omenaldi bat egin zion Anoetan; Maite eta Iñigo seme-alabekin batera, Realaren elastiko bat jaso zuen Pato hizkiekin.