Mobilizazio jendetsua izaten ari da Frantzian, Emmanuel Macron presidenteak ezarri nahi duen pentsioen erreformaren kontra. Barne ministerioak jakinarazi duenez, 245 protesta antolatu dituzte estatu guzian zehar, eta 30 bat herritan egin duten lehen kontaketaren arabera, 180.000 pertsona mobilizatu da jadaneko. Hiri handi batzuetan, istiluak izan dira polizia eta manifestarien artean. Paris hiriburuan 14:00etarako deitua zuten manifestaziora.
Frantziako Gobernuak eman dituen zenbakien arabera, funtzio publikoko agenteen %32,5ek egin dute greba gaur. Hezkuntza Ministerioaren arabera, eskolen %51 itxi dituzte, eta kolegio eta lizeoen %42. Baina garraioetan izanen du eragin gehien: Air Francek bertan behera utzi ditu barne hegaldien %30, eta Easyjet konpainiak 233 hegaldi ezeztatu ditu. SNCF tren konpainiaren arabera, AHT trenen %90 eta eskualdeko trenen %80 geldirik dira. Paris inguruetan ibiltzen den RATP sarean ere eragozpen handiak daude: 11 metro linea ezeztatu dituzte gaurko egunarentzat. Abenduaren 8a arte greban segitzea erabaki dute langileek.
1995eko protestak oroitu ditu batek baino gehiagok; hiru aste iraun zuen orduan pentsioen aldeko greba mugimenduak. Orain arteko datuek hein bereko mobilizazioa iradokitzen dute Frantzian. Philippe Martinez CGTko idazkari nagusia pozik agertu da mobilizazioaren hedadurarekin. “Gure helburua? Sinplea da: gobernuak orain arteko pentsio sistema hobetu eta sendotzea. Ez dugu inolaz ere erregimen berri baten beharrik”. Nabarmendu du bihar 08:30ean bilduko direla sindikatuak segidaz erabakitzeko. “Greba ez da gaur arratsean geldituko, erraten dizuet. Ikusiko dugu zer iristen zaigun gaur arratsaldean eginen dituzten langileen batzarretatik, eta horren araberan erabakiko dugu zer eginen dugun bihar, etzi eta ondoko astean”.
Yves Verrier Force Ouvriere sindikatuko idazkari nagusiak erran du ez dutela gibel eginen, eta mobilizazioak “behar duen denbora” iraunen duela abisatu du. “Gure helburua mugimendu hau luzatzea da, entzunak izan gaitezen. Mobilizazio egun bakar bat edo bi ez dira aski. Gobernuak ulertu behar du ez dugula gibel eginen. Puntutako pentsio sistema bakarra ezeztatzea eskatzen dugu”. Biharko intersindikaleko bilkuran, larunbatean greba segitzea proposatuko duela iragarri du.