Eusko Jaurlaritzak eta EP Elkarrekin Podemosek 2020ko aurrekontuak onartzeko aurreakordioa lortu zuten asteartean. EH Bilduk, ordea, ez du bat egiten kontu horiekin, eta itzultzeko eskatu du. Horregatik, joan den astean ohartarazi bezala, horien aurkako osoko zuzenketa bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Maddalen Iriarte koalizio subiranistako bozeramaileak prentsaren aurrean azaldu duenez, Jaurlaritzarekin —EAJ eta PSE-EE— aurreakordioa lortuta, Elkarrekin Podemosek uko egin dio «aldaketa estrukturalak» hauspotu nahi izateari. Lander Martinez EPko eledunak atzo jakinarazi zuenez, akordioa «bide onetik» doa, baina ez dago erabat itxita. EH Bilduk, gainera, 77 zuzenketa partzial jarri dizkie aurrekontuei, 234,5 milioi euroren balioa dutenak.
Iriartek salatu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariaren kabineteak diseinatutako aurrekontuek «austeritateari» eusten diote, eta ez dituzte lehengoratzen azken urteotan gastu publikoan egindako «murrizketak». Iruditzen zaio, horrenbestez, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban arrakala soziala «larriagotuko» dutela.
Legegintzaldi honetako aurreko urteetan, PPk ahalbidetu du Jaurlaritzaren aurrekontuak onartuak izatea. Horregatik, Iriartek egotzi dio Elkarrekin Podemosi eskuineko alderdiaren «egiteko modua» kopiatzea. «Ezkerra benetakoa bada, transformatzailea behar du, eta dagoen gobernuari exijitu behar dizkio aldaketa transformatzaileak eta egiturazkoak; eta aurrekontuek horretarako ere balio dute» aurpegiratu dio EH Bilduk. Iriartek gaineratu du akordioa ez dela urtebeterako, baizik «bi urterako, hiru urterako edo urte askorako»; hala argitaratu dutela komunikabideek. Koalizio subiranistakoak, beraz, «arduratuta» daude, Elkarrekin Podemosek uko egin diolako egungo gobernuaren ordezko «alternatiba bat ezkerretik eraikitzeari».
Martinezi gogorarazi nahi izan dio, bestalde, adierazi zuela legegintzaldia ez zela «bide lau bat» izango EAJrentzat. «Gobernu honentzako baliagarria izaten ari da [EP-Martinez]», nabarmendu du Iriartek.
PPk ere osoko zuzenketa jarri die
PPren talde parlamentarioak ere osoko zuzenketa jarri die aurrekontuei. Anton Damborenea parlamentariak prentsaren aurrean adierazi duenez, kontuak «faltsuak eta oso txarrak» dira, ez dituelako neurriak proposatzen ez «ekonomia sustatzeko», ezta «kaleko jendearentzat» ere.