EiTB komunikazio taldeko irratiek euskarazko kantagintzaren berri ematen dute. «Esperientziak erakutsi du, ordea, hori egitea inportantea dela, baina ez dela aski euskal musika ezagutarazteko. Neurri osagarriak behar ziren, alegia, euskaraz argitaratutako kalitatezko musika lanen zabalkunde eta promozio politika eraginkorragoak lortzeko», azaldu dute EITBko irratietako zuzendari Urko Aristik eta EITB Musikako arduradun Iñigo Zeberiok. Behar hori asetzeko asmoz, EiTB Euskal Kantak irrati digitala jarri dute martxan. Eitb.eus atarian sartzearekin, gainerako irratiak dauden txoko berean, hantxe izango du eskura erabiltzeak irrati berriaren botoitxoa ere.
Egun osoan zehar, euskal musika baino ez da entzungo irrati berrian. Estilo askotarikoa izango da eskaintza: kantautoreak, musika tradizionalean oinarritutako kantak, bertsioak, instrumentalak, rock, blues, ska, reggae, pop, triki-pop, jazz … Eskaintza orekatua izango da, non kanta berrienak eta aspaldikoak nahastuko dituzten, arrakastatsuenak zein ezezagunenak.
EiTBko irratien fonotekan badira 30.000 euskarazko kantu inguru —horietatik 4.000 diskotik ateratako abestiak dira, alegia—. Egunean, batez beste, 400 abesti entzungo dira segidan. Hasieran, 3.000 kantako bilduma osatu dute, baina denborarekin bilduma hori eguneratzea eta fonotekako uzta guztia entzulearen dastagarri jartzea da EITBren helburua.
Bixente Martinez eta Maddalen Arzallusen laguntza
Irrati esataririk ez da ariko abestiak aurkezten, baina EiTB Euskal Kantak ez da playlist arrunt bat izango. Bixente Martinez musikariak osatu ditu irrati berriaren jingle-ak. Axuri beltza kantuan oinarrituta, estilo desberdinetan entzun ahal izango dira Nafarroako dantza horren partituraren zatiak: folk, country, pop eta beste hainbat estilotan. Horrez gain, irratiaren izenarekin batera, Maddalen Arzallusek idatzitako indikatiboak entzungo dira, bertsolariaren beraren ahotsean.
Behin irratia abiarazita eta lehen urratsak eginak dituela, EiTBk hobekuntzak ditu aurreikusiak irrati berrirako. Entzuleak emisioan dagoen kanta bakoitzaren gaineko informazio osagarria izango du klik bakarrean: Kantaren eta artista edo taldearen izenarekin batera, abesti hori zein diskotakoa den, disko horren irudia, horren gaineko informazioa, kantaren hitzak, taldeko gainerako irratietan kanta horren edo egilearen inguruan landutako saioak, bideoklipak… Hori izango da euskal musikaren bilduma izateko asmoz sortu berri den irrati berriaren etorkizuneko erronka.