Denboran jarraitua izatea, desoreka eragitea, nahita eragindakoa izatea eta pertsona batengan zentratuta egotea: ezaugarri horiek guztiak betetzen dituzten 96 eskola-jazarpen kasu identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak iazko ikasturtean. Azken hiru ikasturteetako kopururik handiena izan da, baita datuak aztertzen hasi zirenetik altuenetan bigarrena ere, eta soilik 2015-2016ko ikasturtean gainditu zen, orduan 121 kasu identifikatu baitzituzten. 2017-2018ko ikasturtean baino 202 kasu gehiago aztertu dituzte: hain zuzen ere, 755. Beraz, aztertu dituzten kasuen %12,72 eskola jazarpen moduan identifikatu dituzte. Ehuneko hori inoizko txikiena izan da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurkeztu ditu datuak, gaur goizean, Donostian, Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiarekin eta Xabier Aizpurua Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (Isei) zuzendariarekin batera. Eskola-jazarpen kasu gehiago identifikatu izana gizarteak duen «sentsibilizazio handiari» egotzi dio, eta ez hainbeste jazarpen kasuen gorakadari: «Ahalegin handiagoa egiten ari gara. Zalantza txikienaren aurrean, kasua aztertu egiten da».
Eskola jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 50, hau da, kasu guztien %53. Lehen Hezkuntzan, 39 (%41) atzeman dituzte, eta Haur Hezkuntzan, zazpi (%6).
Jazarpen motari dagokionez, berriz, bazterketa eta marjinazio soziala jasan dute gehienek: zehazki, 44 kasuk (%46). Hitzezko erasoak izan dira 30 kasu (%31); eraso fisiko zuzenak sei pertsonari egin dizkiete (%6), eta beldurra eragin, xantaia edo mehatxuak egin dizkiete beste seiri (%6); jazarpen edo abusu sexuala edo jazarpen sexista egon da lau kasutan (%4); eta bestelako erasoak jasan dituzte sei pertsonak (%6). Identifikatutako kasu horien %23tan jazarpena nagusiki Internet, sare sozialak edo bestelako bitarteko zibernetikoren bat erabiliz egin da.
Kasu horiek ikastetxean bertan konpontzen saiatzen dira. Horretarako, hainbat neurri hartzen dituzte, jazarleak falta dituen gaitasunak garatzeko, esaterako, eskubideen inguruan gogoeta eginaraziz edo gainerako haurrei jangelan lagunduz. Hala ere, kasurik larrienak fiskaltzara ere eraman behar izan dituzte, iazko ikasturteko 96 kasuetatik lau eta sei artean. «Adina ere kontuan hartu behar da, hamalau urtetik beherakoak ezin baitira inputatu», nabarmendu du Ayucarrek.
Pertzepzioak ere aztergai
Datu errealak ez ezik, ikasleek eskola jazarpenaren inguruan duten pertzepzioak ere aztertu dituzte, LH4, LH5 eta LH6ko 5.923 ikasleri eta DBHko 89 ikastetxetako 8.080 ikasleri egindako inkesten bidez. Horien arabera, LHko ikasleen %18,9k pentsatzen dute eskola jazarpena jasan dutela, eta DBHko ikasleen %15,7ri gauza bera gertatzen zaio. Kopuru horiek jaitsi egin dira, 2016an %19,7 eta %18,8 baitziren, hurrenez hurren. LHn nahiz DBHn, mutilek neskek baino gehiago sentitzen dute eskola jazarpena jasaten ari direla.
Sarean egiten den jazarpenari dagokionez, LHko ikasleen %2,8k eta DBHko ikasleen %2,4k sentitzen dute ziberjazarpen larria jasaten duela, eta LHko haurren %10,8k eta DBHko gazteen %10,5ek uste dute ziberjazarpen orokorra egiten dietela.
Uriartek adierazi du iritzi eta pertzepzio horiek ere garrantzitsuak direla Hezkuntza Sailarentzat, jazarpenari aurre hartzeko ekintzak planifikatzea eta neurriak hartzea ahalbidetzen dutelako.
Helburu horiek dituen Bizikasi egitasmoa ere izan du hizpide sailburuak. Hezkuntza Sailak eskola jazarpenaren aurka eta bizikidetzaren alde egin nahi du, 2017aren amaieran martxan jarri zuen Bizikasiren bidez. Azaldu dutenez, ekinaldi hori erabat zabalduta dago ikastetxe publiko guztietan, eta pauso gehiago ematen jarraitzen dute: Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publiko guztietan egin den bigarren prestakuntza fasea amaitu da. Gainera, itunpeko ikastetxe batzuk ere gehitu zaizkie programara. Horietan, lehen fasea amaitu da, eta hilabete batzuk barru bigarren fasea hasiko da ikastetxe gehiagorekin. Gainera, hainbat etapatarako material didaktikoa sortzen ari dira, eta besteak beste, ikus entzunezko materiala ere egingo dute. Azaldu dutenez, jazarpenarekin zerikusia duten eszena batzuk bilduko dituzten hainbat bideo prestatzeko asmoa daukate, ikasgeletan aztertzeko eta eztabaidatzeko. «Arazoa ikertzen hasi ginenean, ikastetxe batzuk nahiko bakarrik sentitzen ziren, baina orain ez da horrela», nabarmendu du Ayucarrek.