Indartsu hasi da Durangoko Azokaren 54. aldia. Ateak ireki bezain laster sartu dira bisitariak azokara. Ikasleen goiza da gaurkoa, eta ikasleei bideratuta daude gaurko jarduera gehienak. Hala ere, adin guztietako jendea bildu da, eta azokaren korridore eta postuetan barrena ari dira aurtengo eskaintza andana ikusten.
Ohi bezala, jende ugari pilatu da azokako hainbat salmahaitan; nabarmentzekoak, bi: En Tol Sarmiento eta Zetak musika taldeenak. Ikasle gaztez bete da postu horien ingurua, musikariekin argazki bat ateratzeko eta taldeak kaleratu berri duten diskoa sinatzeko. Toti Martinez de Lezea idazlearen erakusmahaiaren inguruan ere bisitari andana bildu da.
Hasi DA Durangoko azokaren 54. aldia. Ikasleen goiza da gaurkoa, eta gazte asko bildu dira azokara. Gaurtik igandera bitartean egongo da etortzeko aukera, egunero, 10:30etik 20:00etara bitartean @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/RX71HLSMMC
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
Azokaren gunetik kanpo, tailer parte hartzaile eta ekintza ugari antolatu dituzte. Horietako bat da Trakamatraka tailerra. Ahotsenea zuzenekoen gunea ikaslez bete da Jon Urrutiaren hitzaldia entzuteko eta ikusteko. Musika sormenari buruzkoa da tailerra, eta objektu bat oinarri hartuta musika sortu litekeela erakutsi die Urrutiak gerturatu diren gazteei. Azenario batekin eta inbutu batekin osatutako tronpeta bat egin du lehenengo; makulu bat desmuntatu, eta txirula moduko bat egin du ondoren.
‘Trakamatraka’ tailerra egiten ari dira Ahotsenea zuzenekoen gunean, Jon Urrutiaren eskutik. Ezagutzen ditugun objektuei beste erabilera bat ematean sortzen diren soinuak ditu hizpide. Ikasle asko bildu dira. Hona makulu batekin egin duena @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/WmcBCXFLph
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
«Musika aniztasuna, sormena eta irudimena, birziklatzea eta ingurumenarekiko errespetua» landu dituzte tailerrean, sormena jolaserako tresna bat dela nabarmenduta. Urrutiaren arabera: «Ideia eta kontzeptu ezagunen arteko elkarketa berriak egitea eta ideia eta kontzeptu berriak sortzea da sormena». Eguerdian eta arratsaldean ere jarduera ugari egongo dira azokaren zazpi guneetan. Igandera bitartean egongo da zabalik, eta aurtengo aldian 200 kultur ekitaldi baino gehiago eta 264 erakusmahai egongo dira, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari...
Xabi Bandini Ahotsenean. ‘Biba’ lana aurkezten. Ikusleak adi, gozatzen. Bandini eta taldekideak ere gozatzen. Giro ederra sortu da, eta aretoa jendez bete da â¦@berriaâ© #54DA#OsorikDApic.twitter.com/vfvV1hSv48
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
Etenaldi mugagabea iragarri zuen hirukoteak, baina Durangoko Azokako ilarak ez du etengo denaren itxurarik. ‘Berba eta irudia’ liburua erostera hurbildu dira zaleak Berri Txarrak taldearen salmahaira @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/xVEITsjPQc
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
Ahotsenean ez ezik, azokako beste plazak eta guneak ere martxan jarri dituzte gaur, eta Irudienean izan da zer ikusia, adibidez.
‘Gaztelua zubi’ dokumentalaren txanda Durangoko Azokako Irudienea gunean. Baigorrin dagoen Etxauzia gazteluaz, izen bereko proiektuaz eta egitasmo horren bitartez eraiki nahi dituzten zubiez @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/mBLD12aknI
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
Ekinaldi eta egitasmo berriak aurkezteko plaza ere bada Durangoko Azoka. Ostegun honetan, adibidez, 2020ko udan egingo duten EuskarAbenturako ekitaldia aurkeztu dute.
Datorren urteko uztailerako plan paregabea proposatu du Iñaki Goikoetxea EuskarAbenturako kideak. 16 eta 17 urte bitartean dituzten gazteei zuzendu zaie: abenturara batzeko eta esperientzia bizitzeko aholkatu die @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/ZqhzY6PTRn
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
Hasi da EuskarAbentura 2020 espedizioaren aurkezpena. 2018. urtean egin zuten lehen aldiz, eta lehen bi aldietan izan duten arrakastaren ondoren etorri da hirugarrena antolatzeko asmoa @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/qrPpUqWarG
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019
BERRIA ere Landakon dago, urtero ohi duen legez. Artekaleko 36-37 zenbakietan dauka postua aurten.
Klasikoekin hasi eta ezin BERRIAren salmahaia aipatu gabe utzi. Salgai dauden produktuetako hiru azaldu ditu Ainara Lasa marketin saileko koordinatzaileak. Artekaleko 36. eta 37. erakusmahaietan eskuragarri @berria#54DA#OsorikDApic.twitter.com/IjVQg4G20Q
— Nagore Arin (@nagorearin) December 5, 2019