Kultur kontsumoa

Euskarazko kulturaren kontsumoak gora egin du ahozko adierazpideetan

Antzerki eta bertso saioetara joaten direnen kopurua nabarmen hazi dela agertu du Kulturaren Euskal Behatokiaren inkestak. Irakurzaletasuna makaltzen ari da. Euskaldun kopuru txikia muga handia da.

Durangoko Azoka, iaz. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko azaroaren 29a
16:01
Entzun

Ahozko kultur adierazpideak indar hartzen ari dira euskaldunen harrerari dagokionez. Gorakada erakutsi du kultur kontsumoari buruz Euskal Herri osoan egindako inkesta batek. Gisa bereko azterketa bat egin zuten duela hamar urte, eta, konparazioa eginda, ageri dira gorabeherak. Batetik, igoera esanguratsua dute antzerkiak eta bertsolaritzak: bost euskaldunetik bik (%40) diote urtebetean antzezlan bat behintzat ikusi dutela; bertsotara hiru euskaldunetik bat joan da (%32). Bestetik, ordea, irakurketa jaisten ari da. Ikerketaren arabera, euskaldun gehienek badute ohitura ekitaldietan parte hartzeko: %56k. Kontsumo hori areagotzen ari da.

Datorren astearen atarian —asteartean, Euskararen Eguna; ostegunetik igandera, Durangoko Azoka—, euskal kulturaren kontsumoari buruzko inkestako datu batzuk aurreratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Euskal Herri osoan egindako ikerketa bat dago oinarrian: Kulturaren Euskal Behatokiak zazpi herrialdeetan egindako inkesta. Aste batzuk barru argitaratuko dute lan osoa, eta datu xehe-xeheak orduan emango dituzte: bai euskarazko kultur edukienak, bai gainerako hizkuntzetakoenak.

Euskal kulturaren kontsumoa hizpide da azken boladan. Iaz, Elkar fundazioak aurkeztu zuen era horretako inkesta bat, eta ohartarazi zuen euskaldun gehienek ez dutela euskal kulturara jotzen. Baikorragoak dira Kulturaren Euskal Behatokiaren datuak. Azterketa bide desberdina dute bi ikerketek. Esaterako, aztergaian: Elkarren inkestan, irakurketa eta musika hartu zituzten oinarritzat; Behatokiarenean, esparru gehiago hartu dituzte aintzat. Galdetegietan ere badago aldea: Elkarrenean, kontsumoaz ez ezik, erosketaz ere galdetu zuten. Ezin dira, beraz, zuzenean konparatu biak. Siadeco etxeak eginak dira bi inkestak, eta aztergai berberak parekatzean antzeko emaitza ageri da.

Euskal kulturaren datuak aztertzean, komeni da testuingurua oso gogoan izatea: euskal herritar gehienek ez dakite euskaraz. Ezagutzari buruzko galdera egin dute ikerketan bertan, eta inkesta soziolinguistikoaren tankerako datuak jaso dituzte. Hitz egiteko gai ia hiru herritarretik bat da (%30), eta ulertzeko gai, bostetik bi (%39).

Musika, erdaldunen artean
Inkestaren arabera, musika da euskal kulturaren indargune nagusia: sei euskaldunetik bostek dute ohitura euskarazko musika entzuteko (%83). Hamar urtean igo egin da euskal musikara jotzen duten euskaldunen ehunekoa: %69 ziren 2008an. Areago, gainerako kultur adierazpideen aldean badu ezaugarri bat euskal musikak: erdaldunen artean ere badu erakarmena. Izatez, Euskal Herriko biztanleria osoa hartuta —15 urtetik gorako herritarrak izan dituzte kontuan—, gehienek esan dute euskal musika entzuteko ohitura dutela: %55ek. Aintzat hartzeko datu bat: Ipar Euskal Herrian da handiena kontsumoa.

Musikarekin batera, bi gorakada dira nabarmentzekoak. Batetik, antzerkiarena: ia laukoiztu egin da kontsumoa 2008koarekin alderatuta. Horren oinarrian zer egon daitekeen, faktore bat seinalatu du Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak: eskaintza ugaritu egin dela urteotan. Bestea, bertsolaritza: ia bikoiztu egin da saioetara joaten direnen ehunekoa. Hor ere faktore bat aipatu du: 2018koa da inkesta, Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu eta urtebete eskasera egina.

Ahozko adierazpideetan bada beste arlo bat ere: zinema. Erabat bazterrekoa da euskarazko kontsumoa, eskaintza txikiarekin lotua: euskaldunen %4k esan dute euskarazko pelikularen bat ikusi dutela urtebetean. «Badago zer egina arlo horretan», adierazi du Zupiriak. Nahia badago: euskaldunen %45ek esan dute euskaraz ikusi nahiko lituzketela pelikulak, azpidatziekin edo bikoiztuta.

[youtube]https://youtu.be/BbMU2WZ9wF0[/youtube]

Liburuen beherakada
Txanponaren beste aldea irakurketak azaldu du: orain hamar urte baino gutxiago jotzen dute euskaldunek euskarazko liburuetara. Joera orokorragoa da, hala ere: ez da euskal liburuekin soilik gertatzen. «Geldialdia» aipatu du Zupiriak, irakurtzeko ohitura lekua galtzen ari dela. «Gogoeta egin behar da nola ari garen irakurzaletasuna sustatzen». Joera bat nabaritu dute: liburuetarako ohitura handia daukatenek gehiago irakurtzen dute euskaraz; tarteka irakurtzen dutenek, gutxiago.

Euskarazko kulturara gerturatzeko arrazoien artean, batik bat bi aipatu dituzte kulturara jotzen duten euskaldunek: euskararekiko konpromisoa eta konpainian joatea. Konpromisoaren aldagaiari buruz galdetuta, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eman du iritzia: euskararen egoera gutxituarekin izan dezakeela lotura. «Hizkuntza hegemonikoetan naturaltzat hartzen da dena. Euskararen kasuan, konpromiso hori atxikimendua ere izan daiteke».

Euskarazko edukietara ez jotzeko arrazoietan, bat da gailen: kalitatea eta interesa. Kasu horretan badago ñabardura bat: galdera hori erdaldunei ere egin diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.