Ezezkoari eusten dio oraingoz Esquerrak, baina hitz egiten jarraitzeko borondatearekin. Sozialistek, berriz, ezin dute amore eman katalanen babesa behar baitute inbestiduran aurrera egiteko, eta bide batez, baita aurrekontuak onartzeko ere. Ez dute baiezkorik bilatzen abstentzioa baizik, baina horretarako ere urratsak egiteko eskatzen diete ERCkoek.
Atzo arratsaldean egin zuten lehen bilera, eta hurrengorako data jartzea izan zen handik ateratako ondorio argiena, hori eta hitz egiten jarraitzeko asmoa. Asteartean bilduko dira bigarrenez Espainiako Kongresuan. Hortik beste data bat baino zerbait gehiagorekin irteteko beharra du Pedro Sanchez jarduneko presidenteak, baldin eta inbestidura saioa gabonak baino lehen egin nahi badu —abenduaren 16an hasiko litzateke kasu horretan eztabaida, eta 19an egingo litzateke bigarren bozketa—.
ERCk negoziazio mahai bat osatzeko eskatzen du abstentziora jotzeko. Mahairen nondik norakoak ere zehaztu ditu alderdiak: gobernuen artekoa behar du izan; edozertaz hitz egiteko askatasunarekin —alegia, autodeterminazioa eta amnistia ere mahai gainean izango direla—, egutegi zehatzarekin; eta esandakoa betetzeko konpromisoarekin.
Sozialistek baiezkoa eman diote hitz egiten hasteari, baina Sanchezek berak argi esan ez badu ere, haren ingurukoek behin baino gehiagotan ohartarazi dute "Konstituzioaren baitan" egingo direla elkarrizketok, hau da, autodeterminazioa ez dela eztabaidagai izango. Sozialisten arabera, «PPren gobernuak murriztutako eskubideak berreskuratzea» litzateke mahaiaren helburua. Hala adierazi zuten atzoko bileratik irten ostean.
Ez da hori, ordea, Esquerraren asmoa zeinak behin baino gehiagotan esan izan du Kataluniako gatazka bide politikoetatik argitu behar dela, eta ez epaitegien bidez. Egia da, hala ere, bart iluntzeko komunikatuan «arazo politikoa» aipatu duela lehen aldiz PSOEk, Sanchezek orain arte aipatutako «elkarbizitza arazoa» alde batera utzita.