Klima larrialdia

Klimaren zentinelen hilzoria

Oraingo joerari eutsiz gero, baliteke mende honen erdirako desagertzea Pirinioetako glaziarrak. Munduko beste glaziar askoren galtze joera berean dira Euskal Herritik gertuenekoak, eta, muga klimatiko batean daudenez (Europa hegoaldean), amiltzea are azkarrago ari dira nozitzen.

inaki petxarroman
2019ko abenduaren 1a
09:36
Entzun

Pirinioetako glaziarren azaleraren %70 galdu egin da 1980ko hamarkadatik hona. 1984an 39 glaziar zeuden mendikatean, eta gaur egun hemeretzi besterik ez daude. Iraganean atzerago joanez gero, are nabarmenagoa da galera. 1850ean, 2.060 hektarea hartzen zuten glaziarrek; 2016an, berriz, 242 hektarea. 1980ko hamarkadatik hona bizkortu egin da prozesua, gainera. «1850etik 1984ra 9,33 hektareako galera izaten zen urtean, batez beste. 1984tik 2016ra, berriz, 17,76 hektareakoa da galera», azaldu du Ibai Rico EHUko Geografia irakasle eta glaziologoak (jarraitu irakurtzen, irudien ondoren).

Maladeta

 

Rico urtero joaten da Pirinioetako glaziarretan neurketak egitera, eta bertan ikusi du nola mehetzen ari diren glaziarrak. «2010etik 2014ra Maladeta, La Paul eta Ossoueko glaziarretan izan den masa galera 1,01ekoa izan da ur metro baliokideetan. Europako hegoaldean eta Alpeetan azken urteotan ikusten ari den joera berean gertatzen ari da Pirinioetan ere». Urtean batez beste metro bat galtzen ari dira, baina zenbait urtetan 5 eta 6 metro ere galdu dituzte, haren esanetan.

Vignemale

 

Guztiak ere atzeraldi gorrian badaude ere, bi glaziar mota bereizi dituzte glaziologoek: oraindik ere klimak kontrolatuta daudenak, hau da, mendikateko handienak: Ossoue, Perdido eta Aneto-Maladeta. «Haiek klimaren aldaketekin mugitzen eta aldatzen dira (tenperatura, prezipitazioa eta beste)». Bestetik, glaziar txikiago batzuk daude, dagoeneko klimarekiko lotura galdu dutenak. «Haietan, tokian tokiko faktoreek asko eragiten dute. Ez diote klimaren aldaketari erantzuten, eta askotan ez dira aldatu ere egiten... Oso dinamika lokal eta bereziak dituzte». Azken horiek hektarea gutxiko glaziar txikiak dira, eta, desagertzeko zorian badaude ere, halako egonkortasun bat erakusten ari dira galdu aurreko fase horretan: «Ikusten dugu glaziar txiki asko halako lozorro batean geratu direla desagertze aurreko aldian. Haien kasuan, nahiz eta tenperaturak igo eta prezipitazioak jaitsi, bestelako tokiko faktoreek eragiten diete gehiago, eta hor dira, ez aurrera ez atzera bezala». Hala ere, klima joera berak jarraitzen badu, mende honen erdirako denak desagertzea espero dute adituek.

Monte Perdido

 

Taillon

 

Hiru dira Pirinioetako glaziarrik handienak: Vignemaleko Osseau, Perdido eta Aneto-Maladeta. Vignemalekoak 40 metroko altuera dauka punturik gorenean, eta Perdidokoak, 45-50 metro inguru. Adituek ezin dute iragarri haietako zein desagertuko den lehenago. Izan ere, Anetokoa Perdidokoa baino handiagoa da, baina lehenago desager daitekeela uste dute, bere orientazioaren eta kokapenaren ondorioz. «Edonola ere, denetan izango da desagertzeko joera», adierazi du Ricok. Datorren urtean berrituko dute Pirinioetako glaziarren inbentarioa —2016koa da azkena— EHUko eta beste zenbait unibertsitate eta erakundetako glaziologoek, eta orduan ikusiko da ea, joera guztiek erakusten duten moduan, galerak jarraitzen duen.

Balaitous

 

Pirinioetako glaziarretako oreka lerroa (ELA) 2810 metrotik 3.079 metrora igo da. Tenperatura igoerak, bereziki udakoak, nabarmen eragin du glaziarretako galeraren prozesua bizkortzen. Izan ere, udako tenperaturak 0,29 gradu ari dira igotzen hamarkada bakoitzean. Halaber, elur prezipitazioaren murrizketa ere gero eta nabarmenagoa da, eta horrek ere eragiten du glaziarren mehetze prozesuan. 1960tik hona %6 gutxitu da batez besteko prezipitazioa hamarkada bakoitzean. «Denbora eskala txikiago batean ikusten da neguko prezipitazioaren aldakortasunak eragin handiagoa daukala», azaldu du Ricok. Beste eragile inportante batzuk dira, esaterako, eguzki erradiazioa, banalerrotik hegoalderako duten distantzia eta tamaina. «Europan hegoaldeen dauden glaziarrak izanda, Pirinioetako glaziarrak egungo klima aldaketaren adierazle ezin hobeak dira adituentzat», Ricok azpimarratu duenez.

Munduan ere berdin

Pirinioak ez dira salbuespen bat. Munduko mendi glaziarrak ere jasaten ari dira berotze globalaren ondorioak. 1961etik 2016ra 9.600 milioi tona izotz galdu zituzten. IPCCko datuen arabera, urtero 3,6 milimetro igotzen da itsasoaren maila munduan, eta igoera orokorraren %28 eragin dute mendi glaziarrek. Horri gehitu behar zaio Groenlandiako izotz galerak eragindakoa (%28), Antartikakoak (%15) eta ozeanoen dilatazio termikoak ekarritakoa (%29). Aurten kaleratutako azken txostenaren arabera, XX. mendean 15 zentimetro igo da itsasoen garaiera, baina prozesua bizkortzen ari da, eta mendea amaitzerako 30 eta 60 zentimetro bitarteko gorakada espero dute, berotegi gasen isurketa murriztu eta berotze globala bi graduz azpitik mantentzen bada. Isurketak handitzen jarraituz gero, 60 eta 110 zentimetro arteko igoera espero dute ozeanoetan.

Apirilean glaziologo talde batek Nature aldizkarian argitaratutako lanaren ondorioak berretsi ditu berriki argitaratu den IPCCren azken txostenak. Hau da, glaziarrak urtzen ari dira, eta urtze prozesua bizkortzen ari da. Nature-k kaleratutako lan horretan, mundu osoko 19.000 glaziarren datuen jarraipena egin zuten, 1961etik 2016ra bitartean. Behaketa horretan nahasi zituzten airetik hartutako irudiak eta glaziarretan egindako landa lanak. Ikerketan ez zituzten neurtu munduko bi glaziar gune handienak (Groenlandia eta Antartika). Ikerlanaren arabera, 2016 arte 9.600 milioi tona izotz galdu zituzten mendi glaziarrek, baina, 2006tik 2016ra, azkartzen ari da galera, klima aldaketa larritzen ari den seinale. Hamarkada horretan, 335 milioi tona izotz galdu zituzten mendiko glaziarrek urtero.

Galera prozesua orokorra bada ere, azpimarratzekoa da Alaskan izandakoa. Izan ere, Ipar Amerikako gune horretakoak dira munduan galdutako mendi glaziarretako izotzen herenak: 3.019 gigatona. Hori, datu absolutuei erreparatuz gero. Ibai Ricok dioenez, Alaskako izotz galera handi hori ulertzen da beste toki batzuetan baino izotz gehiago dagoelako han pilatuta. «Zenbait tokitan 1.500 metroko izotz lodiera ere badago Alaskan».

Mer de Glace (Alpeak)

 

Masa balantzeari begiratuta, baina, balantze negatiboagoa daukate, esate baterako, Hego Amerikako glaziarrek; bai Patagoniakoek, baita Andeetakoek ere, besteak beste Perukoek eta Boliviakoek. Nature -k argitaratutako lan horren arabera, Patagoniako glaziarretan 1,18 ur metro baliokide galdu ziren urtero 2006tik 2016ra. Antzeko galera gertatu zen Andeetako gainerako tokietan eta Kilimanjaroko glaziarrean ere: metro bat. Haien ostean, masa galerarik handienak galdu zituzten munduko mendiak Kaukasokoak, Alpeak eta Alaskakoak izan ziren: 85 eta 90 zentimetro artean. Ikerketa horren egileen arabera, glaziarren bolumenaren zatirik handiena desagertuko da mendearen bigarren erdian Kaukasoan, Alpeetan, Kanada eta AEBetako mendebaldean eta Zeelanda Berrian.

Orain arte, Himalaiako glaziarrek eutsi diote ongien munduko urtze prozesu horri. Zenbait lekutan, batez ere Karakorumen (Pakistan), glaziarrek eutsi diote bolumenari, eta, salbuespen kasu batzuetan, irabazi ere egin dute izotz geruza, 2000. urtetik hona. Adituek uste dute, hala ere, hurrengo urteotan ere gainerako glaziarren joera berak hartuko dituela hango izotzak.

Pastoruri (Peru)

McCarty (Alaska)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.