Dave Bieter Boiseko jarduneko alkateak bigarren itzulian lehiatuko da igandean, Idahoko hiriburuko alkatetzarako hauteskundeetan, Lauren McLean alderdikide demokrataren aurka. Eta bozketa erabakigarrirako egun gutxira, mikaztu egin da kanpaina. Bieterrek Twitter bidez jakinarazi duenez, herritar batek ohartarazi dio McLeanen kanpainako boluntario batzuk "euskal mafiarekin" lotu dutela. Euskal jatorriko alkateak onartezintzat jo du, eta barkamena eskatzeko galdegin dio bere aurkari politikoari.
"Euskal amerikarra izateaz harro nago. Boisekoa izateaz harro nago. Artzain baten alaba izanik, nire amak ulertu zuen komunitate batean ongi etorria izatearen garrantzia, Boisek gure familiari duela ehun urte baino gehiago egin bezala", adierazi du Bieterrek.
Jarduneko alkateak Twitterren zabaldu du herritar batek bere kanpainako arduradunei bidali dien mezua. Irakur daitekeenez, Bieterren aldeko plataformari ohartarazi dio McLeanen kanpainako boluntario batzuk "euskal mafiarekin" lotu dutela Bieter. "Esaten ari dira euskal mafiak babesten zaituela eta haren parte zarela".
I am a proud Basque American. I am a proud Boisean. As a daughter of a Basque sheepherder, my mother understood the importance of being welcomed by a community in the way Boise welcomed our family over a hundred years ago.#boisepol 1/8 pic.twitter.com/Op1awDeZtX
— Bieter for Boise (@Bieter4Boise) November 26, 2019
Bieterren esanetan, "negargarria" da bere aurkariaren kanpainakoak bera "eta euskal komunitate osoa" erakunde kriminal sare batekin lotzea. "Hizkera hori ez da iraingarria bakarrik, arriskutsua ere bada".
Gaineratu du halako mezuak ez direla kontu berria. "Aurretik ikusia dugu hau: migratzaileak gaizkile eta errudun gisa aurkezten dira, azpiratzeko eta komunitatetik isolatzeko". Mexikar estatubatuarrek eta migratzaile latinoek jasaten dituzten erasoekin alderatu ditu mezu horiek. "Nire aurkariaren kanpainakoen ekintza horiek mingarriak dira niretzat eta nire familiarentzat, mingarriak dira euskal komunitatearentzat eta mingarriak Boiserentzat".
Bieterrek McLeani eskatu dio bere ibilbidea edo bultzatu dituen politikak kritikatu ditzala nahi badu, baina ez dezala kriminalizatu "etnia oso bat edo arraza talde bat". Alkateak ziurtatu du Boise hiri adeitsua dela, eta balio horri eutsi beharko lioketela hautagaiek ere. "Berdin dio nor garen edo nondik gatozen, gure adeitasuna da elkar lotzen gaituena eta boisear egiten gaituena".