"Oraingoan kalean harrapatuko gaituzte, aktibaturik". Urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorra "erasoan" egindako mobilizazio handi bat izango da: hala azaldu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk gaur goizean, Gutun Sozialean batutako eragileen agerraldian. Ez da "erantzun greba bat izango", eta moteltzerik edo krisirik baldin badator, ez dute onartuko "aitzakia" bihurtzea murrizketak egiteko. Lan esparruan, pentsioetan eta sistema sozialean neurri zehatzak eskatuko dituzte, baina guztiek dituzte elkarrekin aldarri batzuk: prekaritateari mugak jartzea eta murrizketak lehengoratzea. Galdutakoa berreskuratu bakarrik ez: eskubide gehiago irabazteko greba ere izango dela azaldu du Aranburuk.
"Ziur gaude Euskal Herria gelditu egingo dela egun horretan, grebarekin bat egin duen gehiengo sozial bat dagoelako", esplikatu du LABeko idazkari nagusiak. Datorren horren aurrean "harresi bat" eraiki nahi dute sindikatu abertzaleek eta eragile sozialek, pentsiodunekin batera. Aranburuk erantsi du neurri jakin batzuen alde egingo dela lanuzte orokor hori: 2010eko eta 2012ko lan erreformak bertan behera uztea, gutxienekoak ezartzea soldatetan eta pentsioetan, "inposatutako kontratu partzialak" baztertzea, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalari aurre egitea, pentsioak KPIra lotzea legez...
"Erabaki dugu ez diogula amore emango prekarizazio prozesu handi honi", esan du Aranburuk; "gehiengo soziala gara, eta beste eredu produktibo bat nahi dugu. Kalean gaude, hainbat borrokaren alde, eta bat egin dugu urtarrilaren 30ean denok batera aritzeko aldarrikapen eta neurri zehatzen alde".
"Grebak gizarte hobea dakar"
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak, berriz, grebaren balioa azpimarratu du, esan baitu "eskubide batzuk irabazteko" greba ere izango dela U-30. "Pobrezia gora doa Euskal Herrian, eta bertako gobernuen politiken ondorio da hori", azaldu du; "ez dago euskal oasirik", aldarrikatu du. Lakuntzaren ustez, Gasteizko eta Nafarroako gobernuek badute pentsioak osatzeko gaitasuna, eta ez dute halakorik egiten. "Gehiegi ere badira grebarako arrazoiak". Esan du DSBE sindikatuen garaipena izan zela, eta gogorarazi du hor daudela pobreziara daramaten soldatak eta pentsioak osatzeko. Baina gogorarazi du gobernuek murrizketak egin nahi dituztela, sistema sozial guztian bezala.
Sindikatuen eta eragile sozialen bat egitea nabarmendu du. "Asko gaude hemen neurri zehatzen alde, eta hori ez da gertatzen egunero; albiste ona da". Gutun Sozialak sei urte egin dituela erantsi du, eta agenda propioa garatu duela; eta greba orokor batera deitzeko gaitasuna izan duela ere. "Gauza batzuk ez dira posible grebarik gabe. Grebak modua ematen du eskaerak agenda politikoan sartzeko". Lakuntza dio pedagogia egin behar dela gizartean, kontzientzia sortu eta indartu. "Ohartzen den gizarte bat gizarte hobea da. Grebak eramaten du ohartaraztera; grebak gizarte hobea egiten du, aldaketarako atea zabaltzen duelako".