Euskara

Navarra Sumaren euskara ordenantza onartu dute Iruñean, PSNren botoekin

Maite Esporrin sozialisten eledunak adierazi du lehengo bazterketarekin amaitu dutela horrela. Euskara «zokoratu» nahi izatea leporatu diote EH Bilduk eta Geroa Baik Maia alkateari.

Euskaltzaleak, udaletxearen aurrean protestan. IñIGO URIZ, FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 22a
22:12
Entzun

Euskara ordenantza berria eztabaidatu dute Iruñeko udalbatzan, eta bozketan onartu egin dute Navarra Sumaren eta PSNren botoekin. Osoko zuzenketa bat aurkeztua zegoen, baina atzera bota dute Navarra Sumak eta PSNk. Geroa Bairen zuzenketa partzialak ere bai, udal lanpostuetako euskara eskakizunak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparrura egokitzekoari buruzko puntu tekniko bat izan ezik. Hori onartu egin dute.

Eztabaida sutsua izan da. Navarra Sumako Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak ordenantza proposamena defendatu du: «Neurrikoa da, elebitasun osoa inposatzen ez duena». Orain arte indarrean zen ordenantzak —EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Ezkerrak aurtengo maiatzean onartutakoak— Iruñea «eremu euskalduneko» bihurtu zuela salatu du zinegotzi erregionalistak: «Euskararen Legeak berak eremu euskaldunean ezartzen dituen neurriak ere gainditzen zituen ordenantza horrek». Are: zenbait udal lanpostutan euskara eskakizuna ezarrita, aurreko gobernu taldeak euskara «lanerako pasaporte» bihurtu zuela esan du Garcia-Barberenak: «Hori aldatzera etorri gara, lan publikorako sarbidea ixten dielako hiritar gehienei».

Joseba Asiron EH Bildu udal taldeko bozeramaileak erantzun dio Navarra Sumaren proposamena 1997ko ordenantza baino are murriztaileagoa dela. «Iruñeko Udalak ez zuen inoiz bete 1997ko araudia. Eta, hala ere, orain aurkeztutakoa ez da horretara ere iristen. Elebitasuna, hizkuntza paisaia eta eskubideak gehiago mugatzen ditu, eta atzerriko hizkuntza baten trataera ematen dio euskarari». Enrique Maia alkateari leporatu dio euskararen aurkako jarrera izatea. «Zuen hizkuntz politikak ezaugarri bakar bat du: euskarafobia».

Maite Esporrin PSNko buruak hasieratik argitu du Navarra Sumaren proposamenaren alde bozkatuko zutela: «1997ko araudiaren berdina da, edo, tira, nahiko antzekoa». 1997ko euskara ordenantza CDNk, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak adostu zuten; UPNk, berriz, kontra bozkatu zuen. Hori erabili du Esporrinek PSNren botoa justifikatzeko: «Egia da UPNk ez zuela ordenantza hori babestu, baina HBk ere ez. Gu betiko tokian gaude, eta oso argi dugu geure jarrera: ez gaude euskararen kontra. Sustatu beharra dugu, baina sustatzea ez da inposatzea, gehiengo erdalduna diskriminatzeko. Hori da gure kezka nagusia: lanpostu publikoetarako sarbidean, ez daitezela herritar gehienak baztertu».

Egiazki, Navarra Sumaren 14. zinegotziaren rola bete du Esporrinek gaurko saioan, eskuin espainiazaleak emandako argudioak ia hitzez hitz errepikatzeraino: «Arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatuko du ordenantza berri honek, baina udal administrazioa euskaldunei erreserbatutako lanpostuz bete gabe. Lehen, herritar gehienak baztertuta zeuden; orain, marjinazioarekin bukatuko dugu».

Geroa Baiko Patxi Leuzak, azkenik, Navarra Sumako eta PSNko zinegotziei gogorarazi die eskubide bat errespetatzeak ez duela beste bat «zapaltzen», eta eskubideak ezin direla hiztun kopuruaren arabera bermatu: «Espaloiak urritasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokitzeko garaian, aldapak jarriko zenituzkete urritasuna dutenen kopuruaren arabera? Ez, ezta? Bada, euskaldunekin hori ari zarete eskatzen». Euskara «euskaldun eta euskaltzale guztien ondarea» dela esan du Leuzak. "Eta babestu ordez, eraso egiten diozue».

Euskalgintzaren protesta

Osoko bilkuraren aurretik protesta egin dute euskalgintzako eragileek Iruñeko udaletxearen aurrean. Txilibituak eta lapikoak jo dituzte. «Maia, entzun, Iruñea euskaldun» eta «euskaraz bizi nahi dugu» oihukatu dute. 13:00etan hasi da euskararen ordenantza aldatzeko bilkura.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko arduradun Agurne Gaubekak ordenantza proposamena atzera botatzeko eskatu du. «Berdintasunaren eta hizkuntz eskubideen kontrako neurri» gisa definitu ditu Navarra Sumak planteatutako aldaketak. «Atzera garamatzate; ez 1997ra, atzerago».

1997an onartu zuten aurreko euskara ordenantza —2019an ordezkatu zuten beste ordenantza batekin, lauko gobernua agintean zegoela—, eta testu hori abiapuntutzat hartu du Navarra Sumak beste proposamen bat ontzeko. Horren helburu nagusia euskara «hautazkoa» izatea da administrazioarekiko harreman guztietan. Ordenantza aldatzeko saialdia txarretsi zuen EH Bilduren udal taldeak. Joseba Asiron alkate ohiak adierazi zuen Navarra Sumak «atzeko atetik» aldatu nahi izan duela araua, «oposizioari aldaketak jakinarazi gabe». Asironen irudiko, talde horrek «obsesioa» du euskararekin: «Zokoratu nahi dute». Geroa Bairen udal taldeak, berriz, «pluraltasun linguistikoaren aurkako erasotzat» jo zuen proposamena.

ORDENANTZA BERRIAREN GAKOAK

1. Lan deialdiak. Ordenantza proposamenean aipatzen da herritarren eskubidea euskaraz artatua izateko, baina Enrique Maia alkateak zehaztu du «idatzizko harremanei» soilik egiten diela horrek erreferentzia. Ahozko arreta eskaintzeko postu batzuk ere ezarriko dituzte, baina «administrazioa euskaldunez bete gabe».

2. Meritua. Euskara eskakizun ez den postuen kasuan, Iruñeko Udalak «aukera» izanen du hizkuntza meritu gisa balioesteko. Aurreko ordenantzaren arabera, atzerriko hizkuntzak dakizkitenek merituen atalean jasotako puntuak baino %25 gehiago ematen zituen euskarak. Aurrerantzean, hori ere ez da betebeharra izanen, aukera baizik, «justifikatuta balego».

3. Eskuorriak. Navarra Sumaren ordenantza onartuta, Iruñeko hizkuntza paisaia ere aldatuko da: «Nahasmena sor dezake eskuorrietan bi hizkuntzak batera ikusteak». Horregatik, banandu eginen dituzte euskarazko nahiz gaztelaniazko mezuak. «Gaztelaniazko eskuorriak eskainiko ditugu, baita euskarazkoak ere, eta jendeak aukera dezala nahiago duena». Yolanda Barcinaren agintaldian, antzeko neurri bat hartu zuen Iruñeko Udalak.

4. Publizitatea. Euskarazko publizitatea murriztuko du Iruñeko Udalak. Ordenantza berriarekin, udalak ez luke betebeharrik izanen mezuak ele biz eskaintzeko: gaztelania erabiliko lukete publizitate euskarri gehienetan, eta euskara %25era murriztuko lukete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.