'Ikusi arte tour'

Hamabost abesti Berri Txarrak taldearen agurrerako

Berri Txarrak-en azken bi kontzertuen aurretik, huts egin ezinekoak diren haren 15 kanta bildu ditugu zerrenda batean. Zein kanta gehituko zenuke zuk?

Berri Txarrak taldea Bilboko Kafe Antzokian eman zuen azken kontzertuan, joan den otsailaren 20an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2019ko azaroaren 24a
14:16
Entzun

Mende laurdeneko ibilbidearen ostean, eta bederatzi diskoren uzta eman ondoren, agur esango du Euskal Herrian milaka zale eta belaunaldi bat baino gehiago hunkitzeko gai izan den Berri Txarrak taldeak. Iruñeko Nafarroa Arenan joko ditu azken bi kontzertuak, gaur eta bihar.

Hori dela eta, kontzertura joatekoak diren zale ugari Berri Txarrak-en abestiak entzun eta entzun ari dira egunotan; lanerako bidean, etxean, kirola egiten duten bitartean... Edozein tarte izan daiteke ona, agurrerako prestatzeko.

BERRIAk 15 kantuko zerrenda osatu du, Berri Txarrak-en kantarik ezagunenetako batzuekin. Denak dira huts egin ezinekoak, eta asko izango dira azken bi kontzertuetako playlist-ean.

 

Hauxe da zerrenda:

1. Lemak, aingurak

2. Denak ez du balio

3. Poligrafo bakarra

4. Oreka

5. Katedral bat

6. Oihu

7. Eskuak / ukabilak

8. Iraila

9. Zaldi Zauritua

10. Min hau

11. Maravillas

12. Sols el poble salva al poble

13. Ikasten

14. 500 urte eta gero

15. Jaio. Musika. Hil.

Despedida urtea izan du taldeak aurten, iazko abenduan Gorka Urbizuk etenaldiaren berri eman ondotik ohar bidez. Hiru kideek, Urbizuk, David Gonzalezek eta Galder Izagirrek prentsaurrekoa egin zuten aurtengo otsailean, erabakiaren eta agur biraren berri emateko. Ordutik, gaztetxeak eta areto txikiak omendu dituzte, Beude birarekin, eta Bilboko Kobetamendin egin zuten Ikusi Arte Tour 2019 agur birako emanaldirik jendetsuena; hainbat musikari gonbidatuta, talde bakar baten kontzertua izan behar zuena euskal kulturaren jaialdi erraldoi bilakatu zuten.

Hala ere, mugarriz mugarri ibili da taldea agurra iragarri aurretik eta ondoren ere: iragarritako kontzertu bakoitzerako sarrerak salgai jartzearekin batera amaitu dira; euskarazko talde batek inoiz emandako kontzerturik handiena egin dute Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia), 10.000 zaleren aurrean; munduko bost kontinentetako agertokiak zapaldu dituzte; munduko milaka musikazalerentzat zuzeneko bat egin dute Bilbon, San Mamesen, MTVk antolatutako jaialdian; gehien saldutako diskoen zerrendetan izan dira argitaratutako lan bakoitzarekin; eta belaunaldi eta musika estilo ezberdinetako jarraitzaileak erakarri dituzte.

Harkaitz Cano idazleak Kortaturen Azken guda dantza edo Hertzainak zein Negu Gorriak taldeen garaiarekin alderatu du Berri Txarrak-en agurra, gaur, BERRIAn idatzi duen iritzi artikuluan. "Modu honetako agurrak emozio bereziz bizi ditugu, gisako fenomeno gutxi dauzkagulako eta biziraupenaren Damoklesen ezpataren zama ez duelako gure inkontzienteak gainetik kenduko inoiz? Agur oro interpretatzen dugu nahi gabe katastrofe ttipi bat bezala, agian? Batek daki. Garbi dagoena da, Eider Rodriguezen ipuineko pertsonaia hura bezala, 'erreserbista sentimental' hutsak garela, eta dantza, uju eta malkoekin hunkitu ginen uneen bilduma preziatua elikatu nahi dugula etengabe, badaezpada, hor kanpoan ez delako gerora ere negurik falta izango".

BERRIAko irakurleak hasi dira euren kanturik gustukoenak zerrendara gehitzen:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.