AEB-ak

"Trumpek kuadeatzen zituen Ukrainarekiko harremanak"

Gordon Sondland Europako Batasuneko AEBen enbaxadoreak presidenteari egotzi dio Ukrainarekin izandako mesede trukearen ardura.

Donald Trump, atzo, bere kabinetearen bileran. THE WHITE HOUSE
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 21a
15:00
Entzun

Donald Trump AEBetako presidentearen aurkako impeachment prozesuaren lehen eguneko deklarazioen ostean, ikusmin handia sortu zuen Gordon Sondland AEBen Europako Batasuneko enbaxadorearen agerraldiak, eta egun hartan Bill Taylor AEBek Ukrainan zuten bitarteko enbaxadoreak esandakoak baieztatu ditu gaur. Sondlanden arabera, «mesede trukea» izan zen Trumpen eta Volodimir Zelenskiren artekoa: Ukrainari eman beharreko laguntza militarra bertan behera utzi zuen AEBetako Gobernuak, Ukrainak ofizialki esan bitartean Joe eta Hunter Biden ikertuko zituela. Gaineratu du aferari lotutako agindu guztiak Trumpek berak ematen zituela: «Guk presidentearen aginduak betetzen genituen».

Sondland izan da lehena esaten ikerketaren zergatia «guztiek» zekitela. Gaineratu duenez, AEBetako Estatu Departamentuak, Segurtasun Nazionalerako Batzordeak eta Etxe Zuriak bazekiten nolako «esfortzuak» egiten ari ziren Ukrainak Biden aita-semeak iker zitzan. Trumpen kabineteko izen garrantzitsuak ere zuzen aipatu ditu; Sondlanden arabera, Mike Pompeo Estatu idazkariak, John Bolton Segurtasun Nazionalerako kontseilari ohiak eta beste hainbat goi kargudunek bazuten Rudolph Giuliani Trumpen abokatua ukrainarrekin egiten ari zen kudeaketen berri: «Bazekiten zertan eta zergatik ari ginen; ez zen sekretua». Giulianik ez du kargu publikorik AEBetan, baina Sodlandek argi utzi zuen berarekin harreman zuzena zutela.

Trumpek «sorgin ehiza» iritzi dio bere aurkako prozesuari, eta ahal bezain laster amaitu dadila eskatu du Twitter bidez: «Oso txarra da herrialdearentzat». Sondlandi buruz galdetuta, bere ohiko mintzairan esan du ez duela «oso ondo» ezagutzen, baina «jatorra» dirudiela.

Atzo Trumpen alde deklaratu zuten errepublikanoen bi lekukok: Kurt Volker Ukrainara bidalitako ordezkari ohiak eta Tim Morrison Segurtasun Nazionalerako Batzordearen Errusiako arduradun ohiak. Esan zutenez, ez zekiten ikerketa hark Hunter Bidenekin lotura zuenik eta Giulianiren ekintzek sortzen zieten «susmo txarra» adierazi zuten. Giulianik azken hilabeteetan esan du Ukrainakoak bere «kontu pertsonalak» zirela, eta ez zutela zer ikusirik Trumpekin. Argudio hori indargabetu du gaur Sondlandek: «Giulianirekin lan egin genuen presidenteak hala agindu zigulako».

The New York Times egunkariak argitaratu duenez, Etxe Zuriak ez die eman deklaratzeko baimenik kasua argitzeko giltzarri izan daitezkeen hainbat lekukori —Giuliani bera, Mike Pompeo Estatu idazkaria, John Bolton...—, eta Sondlandek agindu horri ez entzunarena eginda eman du bere lekukotza. Oraingoz, Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordeak ez du agerraldi gehiago aurreikusi gaurtik aurrera.

Demokraten kongresua

AEBetako Alderdi Demokratak hauteskunde primarioetako hautagaien arteko eztabaida bat antolatu zuen atzo. Egunotan, Trumpen aurkako impeachment prozesuak du AEBetako aktualitate politikoaren monopolioa, eta horren jakitun dira demokratak: «Donald Trumpek ezin gaitu kontsumitu» abisatu zuen Bernie Sanders hautagaiak. Sandersez gain, ekitaldian ziren Joe Biden —inkesta gehienek faboritotzat dute—, Elizabeth Warren eta Pete Buttigieg. Pasatu dira aste batzuk hautagaiek euren argudioak hizpidera ekarri zituztela, eta tonu lasaia izan zuen eztabaidak; argi utzi zuten «etsaia» Trump dela, eta ez dutela elkarri mokoka jarduteko interesik.

'Impeachment'-a

Biden demokrata AEBetako presidente ohia da, eta, gaur egun, datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpaina egiten ari da. Trumpek haren seme Hunter Bidenek Ukrainako Burisma gas konpainiaren aholkulari gisa egindako lan batzuetako ustezko ustelkeria ikertzea nahi zuen, presio egiteko Ukrainak orduan horren beharrezkoa zuen laguntza militarra baliatuz —363 milioi euro—. Donbassko gatazkak eta Krimea Errusiari anexionatu izanak baldintzatu dute Ukrainaren egoera politikoa azken urteetan.

Impeachment prozesua argitara irten zen Trump eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen arteko telefono dei batek eragin zuen, joan den uztailaren 25ean. Etxe Zuriak berak argitaratutako transkripzioaren arabera, AEBetako buruzagiak honela esan zion: «Fiskal nagusiarekin egin dezakezun guztia bikain egongo da». Hori dela eta, azken hilabeteetan ikerketaren arduradun den batzordeak galdeketak egin dizkie hainbat lekukori, eta orain fase publikoa egiten ari dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.