Iratxe Sorzabalen tortura salaketa egiaztatua egon arren, Parisko Dei Auzitegiak hura Espainiaratzea onartu zuen urriaren 9an, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera onartuta. Xantiana Cachenaut abokatuak iragarri zuen Parisko Kasazio Auzitegira joko zutela, hark galdera hau egin ziezaion Europako Batasuneko Luxenburgoko epaitegiari: "Euroagindu eskaera bat tortura bidez lortutako aitorpenetan oinarritzen bada, eskaera jaso duen estatuak errefusatu behar ote du? Eta, hala bada, zer-nolako kontrola izan behar dute epaileek horrelako kasuetan?".
Gaur arratsaldean atera da auzitegiaren erabakia: uko egin dio Luxenburgoko auzitegira jotzeari, eta ontzat eman du Parisko Dei Auzitegiaren erabakia. Ebazpen idatzia jasotzerakoan, errekurtsoa jartzeko aukerak aztertuko dituztela adierazi du Cachenaultek.
Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren esku jasandako torturak izan dira aferaren erdigunean. 2015ean, atxilotu zutenean, haren tortura salaketak frogatzeko prozedura bat irekitzeko eskatu zion Cachenaultek instrukzio epaileari. Istanbulgo protokoloa aktibatu zioten, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian: "Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion", azaldu zuen urrian abokatuak.
Giza Eskubideen Ligaren babesa
Orain dela aste batzuk, agerraldia egin zuten Bake Bideak eta LDH Giza Eskubideen Ligak Parisen, Sorzabalen kasua azaltzeko. Euskal presoaren kasua oinarri hartuta Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiari galdera egin eta euroaginduak errefusatzeko jurisprudentzia berria sor zedin nahi zutela jakinarazi zuten. Michel Tubiana LDHko ohorezko presidentearen iritziz, ezinbestekoa da iraganean gertatutako guztia argitara agertzea: bai ETAren ekintzak, baina baita Espainiako Estatuarenak ere. «Zauriak ixteko, biktimen aitortza beharrezkoa da; giza eskubideen errespetua ezin da aldakorra izan».