Pentsamendua

Joxe Azurmendiren gaineko kongresuak 50 aditu elkartuko ditu

Besteak beste, Joseba Zulaikak, Miren Azkaratek, Joan Mari Torrealdaik, Jule Goikoetxeak, Markos Zapiainek eta Alaitz Aizpuruk parte hartuko dute abenduaren 11tik 13ra Donostian egingo den biltzarrean.

Joxe Azurmendi, 2018ko argazki batean. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 19a
09:20
Entzun

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941) filosofoaren ekarpena egungo begiradatik aztertu eta landuko du Jakinek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuak. Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi, eta horren lekuko dira argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak. Filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai bere lanetan Azurmendik.

Azurmendiren ekarpena ertz ugaritatik aztertzeko, 50 aditu elkartuko ditu kongresuak San Telmo museoan. Horien artean izango dira Pako Sodupe, Elixabete Garmendia, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eduardo Apodaka, Victor Gomez-Pin, Aitzpea Leizaola, idurre Eskisabel, Ekai Txapartegi, Fito Rodriguez, Mirene Zufiaurre eta Elena Martinez Rubio.

"Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen, Euskal Herriari baliagarri izango zitzaizkion auziei helduz, eta pentsamenduarekiko eta kulturarekiko aparteko kezka adieraziz. Gaur egun arte", adierazi du Jakinek ohar baten bitartez.

Gaztetan Arantzazuko frantziskotarrei lotua egon bazen ere, unibertsitateko irakasle gisara jardun du gehienbat, EUTG-Deustun lehenengo (1978-1981) eta EHUn ondoren (1981-2014), 1993tik aurrera Filosofia Modernoko katedradun zela. Horrez gain, Jakin Taldeko kide da 1960az geroztik, Jakin Irakurgaiak bildumaren arduraduna zehazki, eta ohorezko euskaltzain ere bada.

Azurmendiren ekarpenari dagokionez, hiru eremutan jardun du, batik bat: euskal pentsamenduaren azterketan, filosofiaren eta pentsamendu europarraren azterketan eta unean uneko auzi etiko-politikoei buruzko gogoetan.

Kongresua: hiru egun, hiru areto

Irekiera ekitaldi bereziarekin ekingo dio kongresuak abenduaren 11n. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Nekane Balluerka EHUko errektoreak, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakariak, eta Iñaki Zabaleta /EHUko filosofia irakasle eta Joxe Azurmendi Katedrako koordinatzaileak hitz egingo dute. Ondoren, Joseba Zulaika antropologoaren, Miren Azkarate hizkuntzalariaren eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta idazlearen hitzaldiak izango dira.

Hurrengo egunean, abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko. Mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez, gai nagusi hauek jorratuko dira: gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura. Horiekin batera, goizean, hitzaldi luzeak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin. Abenduaren 13an, saio guztiak Areto Nagusian egingo dira berriro, goizez.

Gainera, kultura Azurmendiren kezka eta langai nagusietako bat izaki, bi emanaldi berezi antolatu dira, biak ere Azurmendiren olerkigintzan oinarrituta. Lehen egunean, kontzertua emango du Gotzon Arrizabalaga irakasle eta musikariak. Eta azken egunean, kongresuari amaiera emateko, Aginako zero bat emanaldian jardungo dute Manex Agirre, Jon Aranburu, Marco Bianchi eta Gaizka Amondarainek.

Gorka Eizagirre artista arduratu da kongresuaren irudiaz. Afixa nahiz kongresuko ikurrak diseinatu ditu, besteak beste.

Izen ematea zabalik

Kongresuan edonork parte har dezake, betiere aldez aurretik izena emanez gero. Abenduaren 12ko saioetan, espresuki eman beharko da izena: hau da, zein saiotara joan nahi den adierazi beharko da aldez aurretik.

Jakinen webgunean dago ikusgai kongresuaren egitarau osoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.